GARA BILBO

Azaroaren 25era begira, indarkeria matxista salatzeko instituzioen ekimen ugari

Puntu lila jartzeko deiarekin batera, ekimen ugari iragartzen ari dira instituzioak Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna dela-eta, sentsibilizazioari eta prebentzioari begira.

Emakumeenganako Indarkeriaren kontrako Nazioarteko Eguna da azaroaren 25a, eta hori dela-eta, instituzioak hainbat ekimen iragartzen ari dira egunotan sentsibilizazioa indartzeko.

Nafarroako Gobernuak berak astelehen eguerdian Iruñeko Gaztelu plazako elkarretaratzean parte hartzera deitu zuen atzo, eta horrekin batera zenbait datu eskaini zituen. Irailaren 31 arte 748 salaketa jarri dituzte emakume nafarrek, iazko urtearen aldean %12 gutxiago. Joera honen atzean, krisialdi ekonomikoa dagoela uste dute. Izan ere, indarkeria matxistaren biktima nafarren %60k ez zuten lanik tratu txarrak jasaten zituztenean eta, lana izan balute, ez zuketela egoera luzatzen utziko adierazi zuten.

Lakuako Gobernuaren kasuan, bihar aurkeztuko da Azaroak 25eko kanpaina, bai eta prebentzioa helburu duen Beldur Barik kanpaina. Udalerriei dagokienez, Sopelak «kale-ekintza» bat iragarri du ostiral honetarako, hainbat elkarte eta auzokidek tailer batean prestatu dutena. Udaletxe plazan izango da 20.00etan, eta ondoren Olaia Aretxabaletaren kontzertua izango da. Larunbatean autodefentsa feminista lantzeko tailerra dute eta astelehenean, ohiko kontzentrazioa, 19.00etan.

Berrizen, azaroaren 25ean pilatuko dira ekimenak. DBHko ikasleek koadroak margotuko dituzte kalean, eta Urtiaga plazan izango da elkarretaratzea 19.00etan. Ondoren, Beldur Barik kanpainako bideoen emanaldia izango dute, eta jarraian, Paco Damasek «emakumeei eskainitako kantak abestuko ditu» eta berriztarrek irakurketa poetikoak egingo dituzte.

Tertulia edo «biolentometroa»

Durangon, erakusketak, Hika antzerki taldearen «Palabras» lana eta zenbait hitzaldi antolatu dituzte. Elkarretaratzea deitu dute 25erako, 13.00etan, eta manifestazioa, 20.15ean. Gernikan, berriz, tertulia eta ekitaldi instituzionala antolatu dituzte astelehen goizerako, DBHko ikasleen parte hartzearekin. Merkurio plazan, 19.00etako mobilizazioaz gain, Astra Kultur Fabrikan «Berdintasunetik, indarkeriari stop» kafe tertulia egingo dute 26an.

Etxebarrin, 12.ooetan izango da elkarretaratzea astelehenean. «Biolentometroa» ere aurkeztu dute (emakumeenganako indarkeria maila ezberdinak jasotzen ditu txantxa mingarrietatik hiketaraino), eta `Emakumeen basoa' zabalduko dute 25etik 29ra Bekosolon.