Fredi Paia
Bertsolaria
JO PUNTUA

Irriaren beldur

Groucho Marx-ek umorea egitearen baliorik eza azaldu gura zion kritikari bati, zurrut bakarrean whiskia edanda, esan ei zion: «Edan ohi dut zure moduko jendea interesgarri bihurtzeko ahaleginean». Irrisistentzia da iraultza posible bakarraren ama

Izugarria da edozein botere motak, baita txikienak ere, etxeko hierarkiak zein irakaslearen tarimak irriari dion beldurra. Ez dira gutxi edozein zibilizazio sortzeko ezinbesteko ezaugarri legez beldurra azpimarratzen duten soziologo eta politologoak. Gizakia zerbait bada, talde animalia da. Eta taldea norbanakoaren ezintasunak sortzen duen beldurraren ondorioa da. Ez da kasualitatea aberastasun material mailaren arabera indartu edo ahultzea indibidualismoarekiko joera.

Beldurraren apologia zibilizazio guztien oinarrietan ikus genezake. Musulman hitzak «Jainkoaren nahietara jazarria» esan gura ei du. Erromak gure amamak sutan errez inposatu digun juduen erlijioan, Jainkoak Abrahami bere seme Isaac hil zezan agindu zion, jainkoaren beldur zela froga zezan. Orain belaunaldi gutxi arte temeroso de Dios izatea bertute handitzat zeukaten, pertsona eredugarriari esaten zitzaion (ez daukat esamoldea euskarara itzultzeko asmorik, gure hizkuntzak ez dauka alboko hizkuntzen gaixotasun mentalen errurik). Jendea beldurtzeko irudi eta ipuinez beterik daude elizak. Ohitura komunikabideek jarraitu dute good news no news esateraino. (Berri ona ez da notizia). Bo, onar dezadan beti eman dizkigutela beldurgarriak diren gauzetan ez pentsatzeko hiru alternatiba: hil osteko bizitza, futbola eta sexua iradokitzen duten telesailak.

Ageriko beldurraren apologia bezain zaharra da, ordea, boterearen irriarekiko beldur ezkutua. Soilik beldurrik ezaren askatasunetik egin liteke irri. Beldurrik ezak sortzen du irria, irriak umorea eta umoreak irria. Kontuz gainera, sano kutsakorra da eta.

«Il nome della rosa» («Arrosaren izena») filmean argi ageri da elizak mendeetan zehar irria buruarinekin lotu eta bat-bateko poztasuna (hori baita irria) eragiten duen edozer suntsitzeko egin duen lana. Zorrotz, ezen Jesusek irri egiten zuen ebanjelio guztiak, Apokrifoak izenekoak, Testamentu Berritik kendu baitzituzten. Ordutik jarrera bera mantendu da eskolan, etxe batzuetan, lantegietan, batzarretan, jende «garrantzitsuaren» elkarrizketetan... Eta okerrena dena, baita artearen lurralde «askean» ere: ez dago Oscarrik irabazten duen komediarik ez eta komikorik ere, ez dago literaturan Nobela duen komediagilerik, irria eragiten duten margolanek ez daukate enkante ikusgarririk... Irriak inguratzen duen orok bere balioa galtzen du. Serio, irririk bakoa, eta eraginkor hitzak nahastu dituzte. Boterea prest dago irria eragin duen mezu bera onartzeko, baldin ez badu irririk eragiten. Mezu hori beldurraren baitan adierazi behar dugu, horrela «dotoreagoa» da.

Baina doktorau Bolueko nekazari batek ondo lodituta eta labanetik igarotzear dauzkan kapoiei deitzen die. Friedrich Nietzschek «Gizakiaren potentzia intelektuala erabiltzeko gai den umore dosietan neurtzen da» esan zuen. Eta Groucho Marx-ek umorea egitearen baliorik eza azaldu gura zion kritikari bati, zurrut bakarrean whiskia edanda, esan ei zion: «Edan ohi dut zure moduko jendea interesgarri bihurtzeko ahaleginean».

Irrisistentzia da iraultza posible bakarraren ama.