Arantxa MANTEROLA
Interview
MIXEL ETCHEBEST
MAULEKO AUZAPEZA

«Paris ez da mugitzen baina egun batean mugitu beharko du»

Ez du ezkutatzen Parisko gobernuak Lurralde Elkargoaren eskakizunaren aitzinean izan duen jarrera «etsigarria» izan daitekeela, baina aldi berean, konbentzimendu osoa du «egun batez mugitu beharko duela». Batera plataformak azaroaren 30erako Maulen, 15.00etatik goiti antolatu duen manifestazioak «marka jarri» behar duela uste du, Parisi Ipar Euskal Herriko mezua argi eta ozen igortzeko.

Zer iruditu zaizu Lurralde Elkargoaren eskaeraren aitzinean Parisko gobernamenduak ukan duen jarrera?

Nekez hartzen dugu horrelako erantzuna. Gobernu honek baditu bere kideen artean arazo batzuk eta politika mailan ez du, ez, bide egokia erabili. Bigarrenik, eta garrantzitsuena nire ustez, Frantzia oso lurralde zentralizatua da, eta izan Euskal Herrian edo beste gune batean, errepublika barnean autonomia gehiago izateko horrelako eskaerak ez ditu onartzen. Azken hitza beraiek dute. Hortan gira. Momentuan ez dira mugitzen, baina egun batean mugitu beharko dute. Guretzat penagarria da jarrera hori, batez ere, egitasmo honen inguruan Iparraldean alderdi guztietako hautetsiak aho batez mintzatu direla ikusirik. Bortizkeriaren itzala -hori baita Parisek leporatzen duena- urruntzen doa eta lurralde hau demokrazian biziko dela segurtatzen da, baina, bueno, Parisek ez du ezer entzuten.

Beste eremu batzuetan ere PSko agintarien jokamoldea erasokorra izaten ari da. Hizkuntza Gutxituen Karta ez du berretsiko, Seaskak ikastola berriak irekitzea oztopatzen ari da, orain kantonamenduen berrantolaketan euskal eremua ez duela errespetatuko zurrumurruak daude... Ildo gogortze bat ematen ari dela dirudi. Zergatik zure ustez?

Argi da gogortze bat dagoela. Irudi du boterea gauzak muturreraino bultzatu nahi dituela ea jendea noiz oldartuko den. Horregatik azaroaren 30eko manifestaldian marka baikorra jarri behar da lurralde honetarako. Ez bada jende aski mezu ezkorra bidaliko da Parisera, nolabait herriak gauzak bere horretan segitzea onartzen dituela-edo. Ez dut uste, esaterako, euskara edo Ikastolen inguruan horrela denik, hizkuntza herriaren mamia delako, gure nortasuna ukitzen delako. Horregatik da inportantea jendea mugitzea eta bere iritzia agertzea.

Hautetsiak Lurralde Elkargoaren eskakizunean batu dira baina populua ez dago hain kontzientziatua...

Bai, bada lan asko egiteko. Luzaz zenbait gaitan gizartea aurrean izan da eta hautetsiak atzetik joan dira, adibidez ikastolen edo elebitasunaren inguruan. Orain euskarari dagokion eskaera normalizatuagoa da eta hautetsiek bere gain hartu dute. Baina hortik harago joateko eskumen guztiak ez ditugula ikusirik, lurralde elkargoaren eskaera gorpuzten joan da. Lurralde antolaketarekin zerikusia duen gaia izaki, hautetsiek herritarrek baino argiago ikusten dute premia hori. Guri dagokigu azalpen gehiago ematea, gaia plazaratzea, jendearekin egotea. Halere, 2010ean Baterak herri-galdeketa egin zuelarik, jende anitzek parte hartu zuen. Ofiziala ez zen arren, hirutik batek bere iritzia eman zuen eta gehienek Bateraren eskakizunarekin bat egin zuten. Nire ustez, Parisek gehiago jotzen badu, gehiago tenkatzen badu erantzuna izango du.

Hain zuzen, gobernuaren jokamolde horiek haserrea, frustrazioa edo etsipena ez ote dute eragingo jende askorengan?

Etsigarria da hogei urteetan hainbeste lan egin ostean, Iparraldeko hiru lurraldeek eskuz esku hartuta antolaketan horrelako egiturak sortu dituztenean halako erantzuna jasotzea. Baditugu egitura batzuk baina ez dute koherentziarik, lurralde honek ez baitu parlamentu propiorik. Hizkuntzan, laborantzaren edo lurren salmenta eta kudeaketaren inguruan badira hainbat egitura, baina politika bat eramateko burua falta dute goian. Alta, urratsez urrats bagoaz aurrera, herri honetan bada beti jendea lanean segitzeko.

Deszentralizazio legearen eztabaidak ematen zuen aukera galdu da. Askorentzat bide guztiak itxi dira. Alabaina, Baterak ez du hori pentsatzen...

Bi bide daude gauzak lortzeko. Bata, bortizkeriarena baina badakigu horrek zer kalte egin dion Iparraldeari, beti leporatzen baitziguten hemen ez zela ezer egingo Hegoaldean bortizkeria zegoelako. Etsipena gailentzen denean zer atera daitekeen ez dakigu. Beste bidea demokraziarena, eztabaidarena da. Momentuz ikusten dena da eskumenak ematen dituztela baina dirurik ez. Diruak beste bide bat darama. Botereak Parisetik eskualderanzko [erregioranzko] bidea hartzen duen bezala, diruak kontrako bidea ematen du. Gure sakelatik eramaten dute Parisera eta gero handik banatzen da edo ez. Bada hor inkoherentzia bat. Egun batean argituko dela espero dut.

Zergatik Maule manifestazioa egiteko? Arrazoi bereziren bat bada?

Beharbada Zuberoak ere Euskal Herriarekiko atxikimendu handia agertzen duelako. Mugan bagara ere, Bateraren eskaerak indartsu bizi dira Zuberoan. Horregatik uste dut Maulek ere merezi zuela hemen jendetza ikustea eta zuberotarrek parte hartzea. Badakigu Baiona hiri handiagoa dela, jende gehiago dagoela, baina, tira, ordubeteko bidea ez da horrenbesteko bidea. Azaroaren 30ekoa aukera ona da Mauletik goizez itzuli bat egin eta gero manifara joateko.