Ritxi AIZPURUA
MUSIKA ARGITARATZAILEA

Musikaren izerdiak

Izerdiaren indarrarekin mundua orekatuko den ideia antzua. Batzuen izerdiarekin, esango luke beste zita batek. Izerdiari egin dakioke sabotajerik?

Izerdia gorputzaren ariketa fisikoarekin lotuta dago. Dekalogoak edo zita eskukatuak dio ogia irabaziko dela kopetako izerdiarekin. Izerdirik gabe ez omen dago ezer. Mailua astinduz baina jainkoari erregutuz, morrontza goraipatzen duen beste zita izan da. Menderakuntzaren logikatik botatako izerdiak dira. Dekalogoak otzan egiten du edonor. Izerdiaren indarrarekin mundua orekatuko den ideia antzua. Batzuen izerdiarekin, esango luke beste zita batek. Izerdiari egin dakioke sabotajerik? Zein baliabide geratuko zaigu bestela. Ideien izerdiak berraztertzeko errekurtsoa buruan edukita, gauzak erraztuko lirateke, existentzia bera bezala. Egunerokotasunean egiten dute talka kemen eta iritzi desberdinen indarrek.

Betikotuz luzatu zaizkigu arruntak izango balira bezala estatuek euren egunerokotasunean sortzen dituzten bortxakeria, biolentzia eta oinperatzeak. Hori guztia iraunaraziko digute, eguneroko ogiaren modura. Existentzian erregistro politiko gorenentzat denean gaurko demokrazia, dena esana dago. Ia guztiari kiratsa dario. Estolderietan, begi bistatik kanpo, doazen ur uherrak, hainbat ibaik daraman baino ur gehiago dago. Izerdia berdin usain txarra, ezta? Baina bada ere tantarik gabeko izerdia, ikusten ez den nekea. Zenbat eta izerdi gehiago bota, orduan eta miresmen gehiago sortuko da alboko jendearengan. Rockaren zuzeneko musikan izerdia taula gainean ikusi eta usaindu egiten da. Baina nork bota ohi du izerdi gehien agertokian? Normalki kamisetarik gabe, erdi ezkutuan dagoen bateria-jotzailea da. Kantariaren korrikaldiek blai eginda lagako dute. Baina, normalki, jazz bateria-jotzaileak ez du izerdirik botatzen, mugimendu zehatzak eginez. Kirolean ere antzeko zerbait praktikatuko bagenu, hobeto. Nekerik gabeko kirola. Izerdirik gabeko musika. Sabotajea.