A. MANTEROLA

Hauteskunde europarretan EH Bai ez aurkeztearen alde da Sortu

EH Bai koalizioa osatzen duten alderdietako (EA, AB, Sortu) oinarriak hauteskunde europarretarako zerrenda propiorik ez aurkezteko eta Ipar Euskal Herrian inoren hautagaitzarik ez babesteko planteamendua aztertzen ari dira. Eztabaida dexente izan bada ere, koalizioaren baitako adostasuna zaintzeko apustua egin dute Sortuko militanteek eta, hortaz, ontzat eman dute proposamena.

Haatik, EH Bilduren hautagaiak bere eginda, «aktiboki» parte hartuko dute koalizio horren kanpainan, finean lortuko lituzkeen europarlamentariek Ipar Euskal Herriko abertzale ezkertiarrak ere ordezkatuko lituzketelako Europako Parlamentuan.

Bestalde, ezkertiar eta abertzaleen berrantolaketari eta EH Bairen prozesu eratzaileari dagokionez, Sorturen batzarrak aho batez onartu du Autonomia Eraiki koalizioaren kide izatea. Halaber, aipatu prozesua ahalik eta parte hartzaileena izateko xedearekin, ahalik eta militante ezkertiar eta abertzale gehienen inplikazioa bilatuko du.