Maider IANTZI
EMAKUMEENGANAKO BORTIZKERIAREN KONTRAKO EGUNA

Komiki bat zantzuak identifikatzen ikasteko

Hizkuntza fresko eta hurbil batekin, nerabeek bikote harremanetan bizi ditzaketen egoerak jasotzen ditu Euskadiko Erizaintza Sindikatuak editatutako komikiak. Gazteek maitasun erlazioetan zein jokaera diren onargarriak eta zein ez identifikatzen ikastea da xedea, gero erreakzionatzeko. Hortik izenburua: «Seinaleak».

Sutan dago Iratxeren, Nuriaren eta Ainararen Whatsapp-eko taldea: «Festafestafesta!!!!!!!!!», idatzi du lehenak. Eta «Minigona kañera hori ikusi nahi duguuuu», erantzun Nuriak. «:)))))», dio Ainaranarak. Mutil-lagunak erlojuari begira, marmarti, hartu du polit-polit jantzita «kaixo» lotsati batez agurtuz datorren Iratxe. «Baina zer arraio jantzi duzu?», erran dio bekokia zimurtuz. «Ez zaizu gustatzen?», neskak ezpainari kosk eginez. «Urdanga galanta dirudizu. Zoaz aldatzera». «Baina...». «IGOTZEKO ALDATZERA! JA!», mutilaren garrasia. Iratxe burumakur itzuli da galtza bakero luzeekin, Iker lagunarekin telefonoz ari dela: «Kaixo, Kepa, bai, jada bagoaz harantz... Ez, ezer ez... Iratxek ez zekien zer jantzi...».

«Seinaleak» liburuxkako pasarte bat da kontatutakoa, indarkeria matxistaren adibide bat, neska gazte anitzek bizi ohi dutenaren antzekoa. Istorio hauek jasotzen dituen komikia editatu du Satse Euskadiko Erizaintza Sindikatuak, gazteekin lantzeko hagitz ona izan daitekeela uste duelako, genero indarkeriaren kontrako prebentziorako tresna egokia. Argumentua eta gidoia erizain eta psikologo talde batek idatzi ditu: Roberto Abad, Marisol Diaz, Ana Estevez eta Iratxe Urbiola ibili dira lan honetan, Mikel Bao marrazkilariarekin batera.

Edurne Leibar Baltzategi Berdintasun Batzordeko partaideak jakinarazi duenez, 5.000 ale editatu dituzte, horietatik 4.000 gaztelaniaz eta 1.000 euskaraz. Profesionalen eta gazteen artean banatzen ari dira orain. Espainiar Gobernuaren Berdintasun Sailak Estatu osoko nerabeekin egindako ikerketa baten arabera, adin honetako hamar nesketatik batek bikotean tratu txar egoeraren bat bizi izan duela aitortzen du: eraso fisikoak, irainak, adiskideenganako kontrola eta larderia aipatzen dituzte, baita gutxietsi eta irrigarri utzi dituztela ere. Adibidez, mezu eta irudiak sare sozialetan hedatu dizkie bikoteak, lotsarazteko asmoz.

Eskolaz eskola gazteekin egoten

Satseren iritziz, erizainak egokiak dira gizarteko egiturazko arazo honi aurre hartzeko eta gertatzen bada detektatzeko, kontsultan zuzenean egoten direlako gazteekin eta konfiantzako giroa lor dezaketelako eurekin. Komikiak deskribatzen dituen egoerak ikusitakoan, nerabeak identifika daitezen eta senideren edo lagunen batekin gaiaz hitz egin dezaten, 016ra dei dezaten edo, zergatik ez, beren erizainari galde diezaioten espero dute.

David Miguel sindikatuko Formakuntza eta Ikerketa arduradunak GARAri kontatu dionez, hiru etapa planteatu dituzte. Hasiera batean, fase kualitatibo bat egin zuten bibliografiatik landu behar ziren gaiak zeintzuk ziren ateratzeko. Horren bitartez, komikiaren edukiak garatu zituzten eta diseinua egin zuten.

Bigarren fasean, fase kuantitatiboan, sartuta daude momentu honetan. Liburuxkarekin hainbat eskola bisitatu dituzte jada erizainek, eta 70-100 neska-mutilekin egon dira. Galdera sorta bat pasatu diete, bortizkeria sorraraz dezaketen egoera horiek identifikatzen dituzten jakiteko; sakelako telefonoaren bidezko indarkeria edo kontrola eta jelosia amodioan gauza onuragarriak ez direla konturatzea, adibidez. Alderdi horiek ikusten dituztela ondorioztatu dute inkestetan. Gazteak egoera horietaz konturatzen dira, batzuetaz bai behintzat. Ikastetxez ikastetxe segitzen dute orain, bortizkeriarekin lotutako egoera horiek ulertzeko.

Hirugarren etapa bat falta da, komikia arazoak konpontzeko eta aurrea hartzeko eragingarria den ala ez frogatzeko. Horretarako, berriro ere, aurreneko bi faseetan bezala, ikerketara jo behar dela dio Miguelek. «Ikerkuntza esperimentala egin behar da. Aldez aurretik zer nolako jakintza duten ikusi, bai neskek eta bai mutilek; gero, komikia azaldu, komikiarekin interbentzio bat egin; eta horren ostean, berriz neurtu zer nolako aldaketak ikus daitezkeen». Lan hau datorren urtean egiteko asmoa dute.

Bestalde, Azaroaren 25a dela-eta, ehun bat erizain genero indarkeria kasuetan esku hartzeko heziko dituela iragarri du Satsek. Heldu den hilabetean gauzatuko dira ikastaroak, bortizkeria mota honen kausak zeintzuk diren jakiteko, prebentzio neurriak ezagutzeko eta tratu txarren biktimenganako laguntza hobetzeko helburuarekin. Abenduaren 2an Araban hasiko dira ikastaroak eta ondotik, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Lehenago, asteazken honetan, Erizaintza eta Fisioterapiaren II. Ikerkuntza Lehiaketa eginen du Satsek Gran Bilbao hotelean, eta osasunari eta generoari buruzko mahai-inguruak zabalduko du ekitaldia. Osasun arazoen diagnostiko eta tratamenduan generoak duen garrantzia jorratuko dute, eta emakumeen sexu arazoen ikusezintasuna ere bai.

Fitxa

Argumentua eta gidoia: Roberto Abad, Mikel Bao, Marisol Diaz, Ana Estevez eta Iratxe Urbiola.

Marrazkiak: Mikel Bao.

Editorea: Satse.