Ixabel Etxeberria
Irakaslea
JO PUNTUA

Orain Afrika erdira

Asteburu honetan sindikatuak kalera atera dira Bretainian, lanpostuen galtzeen salatzeko eta Gobernuak proposatzen duen etorki- zunerako plangintzan sozial arloko neurriak eskatzeko. Aitzineko asteetan izan ziren mobilizazioen aurrean, Gobernuak mugimenduak egin behar dituela badaki. Egia da hastapenean bidesarien inguruan hasitako protestak hedapen handia izan zutela eta «lan, bizi eta herrian erabaki» lemak Bretainiako gizarteko abaniko nahiko zabala hunkitu zuela. Txano gorrien azpian Bretainiako gizartea aurkitzen zen, eta horrek zalantzak sortu zituen eskema politiko tradizionalak protesta horietatik kanpo gelditzen baitziren. Haatik, erran behar da arrakastatsuak izan zirela eta milaka herritar aurkitzen zirela mobilizazioetan. Geroztik, mobilizazioak ez dira gelditu, baina sindikatuek irudi desberdina eman nahi izan dute larunbateko manifestaldiei eta lanpostuen inguruan kokatu aldarrikapena. Sindikatuak ez dira eroso sentitzen beste gizarte eragileen ondoan, pujadismoa ikusten dute txano gorrien mugimenduaren baitan.

Bretainian mobilizazioek jarraitzen duten bitartean, piztu diren mugimenduek beren aldarrikapenak eta eraginak zorrozten dituzten bitartean, hain zuzen beste mobilizazioak deituak dira azaroaren 30erako; Guadalupen egoera gogortzen ari da. Laurehun milako herritar dituen uharte honetan gazteen arteko langabezia maila %60ekoa da gaur egun, orokorra %34ekoa delarik. Bederatzi sindikatuek mobilizazio eguna deitu dute abenduaren 5erako. Guadalupeko herritarrek Hollanderen alde bozkatu zuten eta gaur egun sekula baino itoagoa da bertako gizartea.

Ematen du Parisetik urrun diren protestek ez diotela buruko min handirik sortzen lehen ministroari eta uharte batzuetan gertatzen direnek, are gutxiago. Aldiz, pertsona bakar bat, joan den astean bezala, ateratzen baldin bada zizpa batekin kapitalaren erdian, hor neurri guztiak martxan jartzen dituzte prentsa guztiaren laguntzarekin. Mugimendu sozial guztiak desagertzen dira berrietatik eta Abdelhakimen inguruko albisteek betetzen dituzte pantailak, irratiak, egunkariak. Noski, hau ere berria bada, baina zein ederki eroria den une honetan, izua hedatzeko eta jendea kikiltzeko.

Izan ere, gu Abdelhakimen psikopatologiaren berri entzuten ari garen bitartean, Estatuaren kutxak hutsak direla erraten digutelarik, diru laguntza sozialak murrizten jarraituko dutela errepikatzen dutelarik eta BEZa (TVA frantsesez) urtarriletik goiti igoko dutela erraten dutelarik, Frantziako presidentea, ontsalaz kolonialismoaren berri daukana eta salatu beharko lukeena, beste mutur sartzea prestatzen ari da. Libia, Mali eta orain Afrika Erdiko Errepublikan. Gerla egiteko baliatzen diren aurrekontuak balia zitezkeen eremu askotan, baina Frantziaren duintasuna gerla horietan kokatzen ari dira. Ameriketako Estatu Batuek eraman duten politika bera daramate, honek Amerikaren irudia handitu ez badu ere.

Alderdi Sozialistak irudimen handia beharko du hauteskundeak hurbiltzen ari direlarik herritarrak konbentzitzeko gaur egun Gobernutik eramaten den politika egokia dela eta aurrean dauden arazoei aterabideak atzemateko beste biderik ez dagoela.