Mikel Aramendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Itsasoan mugarriak ipintzen

Ez dakit zilegi ote den, batzuek dioten eran, esatea 1979ko osoko bilkuraz geroztik, Txinako Alderdiak egin duen bilkurarik garrantzitsuena izan dela. Adierazi diren erabakien zerrenda ez da makala. Eta adierazi gabekoak ere badira, bistan denez

Hamar egun eman dituzte sinologoek Txinako Alderdi Komunistaren 18. Komite Zentralaren hirugarren osoko bilkuraren emaitzak arakatzen; eta guk, haien gogoetak hausnartzen. Ateak ez ezik ahoak -kanporantz behintzat- itxirik jarduten duten berrehun eta piko kideengandik argibide gehiago itxarotea ametsa izaten denez, bilkuraren agiri ofizialari eman behar buelta eta buelta. Zorionez, ohikoa baino askoz zabalagoa izan omen da argitara emandako dokumentua oraingoan: 20.000 karaktere.

Berritasun potoloenetako bat, hala ere, ez zetorren agirian. Bilera amaitu eta hamar egunetara ikusi ahal izan dugu: Txinako Gobernuak adierazpena kaleratu du Txina Ekialdeko Itsasoko Aire Defentsarako Identifikazio Gunearen hedapena jakinaraziz. Lehen Txinako itsasbazter kontinentaletik 25 miliara zegoen marra 250-300 miliatan ipintzen dutela orain, alegia. Jakinarazpenak espresuki adierazten dituen sei puntu zehatzen barnean geratzen dira, noski, iragan hilabeteetan Japoniarekiko liskarbide izan diren Senkaku/Diaoyu irlatxoak.

Airean edo uraren gainean botatako marratxoen kontua besterik ez balitz, jakina, hutsalkeria litzateke. Baina «Identifikazio Gune» izendapen horrek barneratzen duena ez da inondik ere banala: bertan sartzen den edozein hegazkin, zibila nahiz militarra, berehala identifikarazi dezakete Txinako Aire zein Itsas Armadak... eta identifikatzen ez bada, etsaitzat hartu eta eraits dezakete. Munduko beste hainbat lekutan gerta litekeen eran. Baina ñabardura ttipi batekin: eremu horren gaineko subiranotasuna ez diotela onartzen Txinari ingurumen horretan hegazkinak, zibilak nahiz militarrak, dituzten beste herrialde batzuek. Japoniak edo Ameriketako Estatu Batuek, esaterako. Liskarra areagotu dezaken urratsa da, beraz. Eta goraldi gaiztoen abiarazle izan daitekeena.

Gune berria zehazteko eman diren koordenatuak begiztatzea aski da, alabaina, jabetzeko inprobisazio izpirik gabeko enbidoa dela txinatar agintariena: Hego Korea edota Taiwanekin sesiorik ez sortzeko desioa begien bistakoa da. Eta Komite Zentralaren bilkura amaitu eta berehala botatako erronka izateak irakurketa posible bakarra du: hantxe erabakitakoa dela.

Honelako asuntoetan eskarmentu gabeak ez direnez, Pekineko agintariek jakin behar dute ez Japoniak ez AEBek ezin dutela hola eta hola onartu egoera berri hori... Beraz, hurrengo urratsak ere buruan (eta Txinako Ekialdeko Itsasoko uretan eta airean) izan behar dituzte. Mundua eta, batez ere, nork bere iritzi publikoa begira duenean, ez baitu balio neurria aldarrikatu eta gero haren hausteen aurrean ezikusiarena egiteak.

Ez dakit zilegi ote den, batzuek dioten eran, esatea 1979ko beste osoko bilkura harrezkeroztik, hau da, Xiaopingek proposaturiko berrikuntzak onetsi zituenetik, Txinako Alderdiak egin duen bilkura garrantzitsuena izan dela. Adierazi diren erabakien zerrenda (ekonomian, gizartean...) ez da makala. Eta adierazi gabekoak ere badira, bistan denez.

Badakit, ordea, mugarriak aldatzea beti izan dela jarduera konplikatua.