GARA

Olabide ikastolaren 50. urteurrena ospatzeko ekimenak aurkeztu dituzte

Gasteizko Olabide ikastolak abendu honetan 50 urte beteko dituela-eta, urteurrena ospatzeko antolatu dituzten ekimenen berri eman zuten atzo prentsaurreko batean. Ikastolako zuzendariak, ikasleek, irakasle ohiek eta ikasle ohiek hartu zuen parte prentsaurrekoan eta ekitaldi nagusia abenduaren 4an Printzipal antzokian egingo dena izango dela adierazi zuten.

Ikasle, guraso eta irakasleak izango dira musika eta dantza oinarri izango duen ekitaldiko protagonistak. Ekimen honen bidez, mende erdi honetan Olabide ikastolan «sinetsi» duten guraso, profesional eta ikasleak omendu nahi dituzte.

Era berean, eta 50. urteurreneko ospakizunen baitan, gazteentzat ekitaldi berezi bat antolatu dute datorren urteko apirilaren 4rako. Ekainaren 1ean, berriz, urteurrenaren amaiera ekitaldia egingo dute.