GARA

Oroitarria Baionan, Polo Beyriseko kontzentrazio esparrua gogoratzeko

Baionako Polo Beyris auzoko oroimenaren aldeko kolektiboak auzo horretan 1939. eta 1947. urteen artean izandako kontzentrazio esparruan izandako milaka presoen oroimenez oroitarri bat jarriko du abenduaren 7an.

Regis Pochelu zizelkari hazpandarrak egindako obra horren bidez kontzentrazio esparru horrek bizi izandako lau garaiak gogora ekarriko dira.

Izan ere, Espainiako gerla zibil garaian errepublikanoak presondegiratu zituzten lehenik bertan. Ondotik, frantses kolonietako presoak, Bigarren Mundu Gerlan alemanekin kolaboratutakoak, eta azkenik, gerla amaitzean, alemaniarrak kartzelatu zituzten. Abenduaren 7an, Pocheluren obra inauguratzearekin batera, mugarri itxurako eskultura horren barnean Polo Beyriseko ikastolako eta eskola publikoko ikasleek idatzitako lau mezu sartuko dituzte.

Horretaz gain, Polo Beyris Frontstalag 222 izeneko kontzentrazio esparru horretan izandako presoen eta senideen lekukotasunak eta dokumentu historikoak hirurogei bat orrialdeko liburuxka batean bildu dituztela jakinarazi zuten kolektiboko kideek. Bi urtez eraman duten lan horren bidez, ahaztua izan den historiaren parte bat berridatzi nahi izan dutela erran zuten. «Gazteek garaian gertatutakoa jakin dezaten» eginiko lanari jarraipena emateko asmoa dute.