Lander Garro
Idazlea
AZKEN PUNTUA

Poza

Gauza barregarria da sarri poza. Badator eta badoa zure eskuen eta zure eskumenetatik at, ia beti matxinatuta eta libre, eta ezin duzu ezer egin. Oroit itzazue bazkalosteko film ustez txoro eta ustez kaskar horien emozio gobernagaitzak; nahiko genuke, poetak bezala, harri izan, baina ezin dugu, emozioak gain hartzen gaitu eta akabo, begiak urtzen zaizkigu bat-batean. Geure herri triste eta beti kolpatu honetan urriak dira pozak, ez gara itxurakeriatan ibiliko. Esan, ezer ospatzeko izan genuen azken aukera. Behin Jose Mari Esparzak maisuki esan zuen bezala, garaipenak ospatzen ez dakien herria da geurea, akaso garaipen txiki horiek porrot handi baten testuinguruan ulertzen ditugulako beti, bai baitakigu gaurko garaipenak hamaika porrot ekarriko dituela aurki... eta nahiago izaten dugu lotsagarri geratzeko trantzeari iskin egin. Zer egingo zaio. Neu, Esparza bezala, unean unekoa bizitzearen aldekoa naiz. Kolpeak etorri behar badu, harrapa gaitzala zorionaren babes erosoan, eta ez etsipenaren tristezia zuhurrean. Printzipio horren jakitun dira gobernanteak ere, bereziki espainiarrak. Horregatik ez digute itzaletik etorritako presoen poza disfrutatzeko zirrikitu txikiena utzi. Hona geure betiko katea estutzeko azken koska. Poza ere debekatzea. Horretarako ez da gauza handirik behar: izaera inkisitiboa, polizia mordoxka bat eta soldatapeko hamaika kazetari. Dena izan da, presoen kaleratzearekin batera, dardarizo eta izu. Inoiz ikusi gabea nintzen, poza halako bide estuan sartu nahi eta ezina. Neu hala sentitu naiz: ezin nire poz erraldoia adierazi. Zeren eta halaxe baita: zoriontsu sentitu naiz. Horregatik testu hau, garbi eta ozen esan nahi dizuedalako ongi etorriak zaretela, nire etxea zabalik daukazuela. Eta besteen ausentziaren mina zuekin baretuko dudala, uzten badidazue.