Urko Aiartza
IKUSMIRA

Azken agurra Mandelari

Atzo Waterkloofen ANCren azken agurrean parte hartu ondoren, beharrezko agiriak jaso eta O.R. Tambo aireportura abiatu ginen. Johannesburgoko aireportuak apartheid-aren aurkako borrokaren beste buruzagi esanguratsuaren izena du. Mandela herritar orok maite badu, Tambo ANCko militante guztien bihotzetan dago. Berak zuzendu zuen ANCren borroka Mandela espetxean zegoen bitartean. Berak gidaturiko lehoi gazteek egin zioten aurre apartheid-ari. Kanpo aferetako oroigarriak dion bezala, «O.R. Tambo abertzaletasuna, osotasuna, umiltasuna, pasioa».

Arratsaldeko seietarako Eastern Cape probintziako East London hiriburura heldu gara. D. Woods «Daily Dispatch»-eko zuzendaria eta egunkaria bera bertakoak ziren. Steve Bikoren heriotza jakinarazi zuen kazeta, hain zuzen.

Ordu batzuk deskantsatu ondoren protokoloko autobusetara igo gara goizeko ordu batean. Bide luzea dugu Qunura. Leku desberdinetako kideak goaz bertan. Lo pixka bat egiteko aukera, ahal bada. Goizeko bostak aldera iritsi gara, egunsentiarekin batera. Eskuinetara Mandelak hemen zuen etxaldea utzi eta ekitaldi erlijiosoa burutzeko eraiki den karpa handi baten ondoan jaitsi gara autobusetik. Mandelak hemen igaro ditu azken urteetan egun asko eta asko, bere haurtzaroko lurraldeetan. Larre zabalak, etxaldeak eta ganadu mordoa. Ederra. Mandelaren gorpua heldu bitartean dantza eta kantu egiten hasi da jendetza. Kgalema Motlante lehendakariordea agurtu dugu, bai eta Leneth Kaunda, urtetan Zambiako lehendakari izanikoa. Mandelaren adinekoa edo zaharragoa da Keunda, eta Afrikan eman diren borroka antikolonial guztien babesle izan da.

Heldu da gorpua eta hasi da ekitaldia, Ciryl Ramaphosak zuzenduta. Madibaren familiaren izenean Mandelaren leinuko Chief N. Matanzimak hartu du hitza. Ondoren ekitaldiko unerik hunkigarriena etorri da Mandelaren burkide eta kartzelakide Ahmed Karhradak hitz egin duenean. Ahotsari ezin eutsi egon den Karhradak anaia zaharra galdu duela azaldu du. Orain urte batzuk beretzako aita bat zen Walter Sisulu burkidea galdu zuen, orain anaia.

Atzerriko mandatariek ere hitz egin dute. Tanzaniako lehendakariak erbeste garaiak ekarri ditu gogora, eta Kaundak boerrekin izaniko borroka etengabea. Azkenik, gorpua ehortzera eraman aurretik, Jacob Zumak hartu du hitza. Mandelak borrokatu zuen gizartearen alde lanean jarraitzeko konpromisoa azaldu du. Azken errezoen ondoren gorpua ehortzera abiatu gara, kanoi salbaren eta zerua zeharkatu duten hegazkinen laguntzarekin. Elizako eta tribuko ordezkariek zuzenduriko ekitaldi motz batean lurperatu dute Madiba.

Hemen amaitu da askatasunerako bide luzea, Mandelarentzat bederen. Une honetan familia izan nahi dugu gogoan, bai eta ANC bera. Luzea izan da bizitako astea eta deskantsua merezi dute.

Sorturentzat ohorea izan da aste osoan zehar antolaturiko ekitaldietan izatea. Autobusa hartu eta bagoaz berriro, askatasunerako bide luzean barrena. Hurrengo helmuga, Euskal Herria.