Lander Garro
Idazlea
AZKEN PUNTUA

Ezpata

Askatasunak katalanez hitz egiten digu hilabeteotan, eta badira, dagoeneko, hilabete askotxo. Guztien «buru», Mas presidentea. Bere alboetan beste alderdietako lagunak, denak keinu serioa, Espainiari mezu bat helaraziz. Esan beharrik ere ez legokeena diote: pertsona bat, boto bat. Demokraziaren arau oinarrizkoenaren lehen puntua alegia. Eta Espainian, dialektikan oparo ez diren arantzadun alanbrez inguratutako herrialdean, ilegala dela erantzuten diete. Nola izango da ba legala, nahi dena hain zuzen legea iraultzea izanik? Ebidentziak ukatzeko, ebidentziak esaten dituzte. Ezpaten ahoa izan ohi da subiranotasunaren epaile, hala izan da mendeetan, Espainiak badaki zerbait horretaz. Baina Europa honetan ezpatak gordeta daudenez gero, herri txikiok geurea aldarrikatzen dugu, gaur egungo politikan zilegi den modu bakarrean, irribarrea zabaldu eta eskua luzatuz. Eskaleen maneraz: soa lurrera jarri eta, ahalik eta apaltasun handienaz, eskatu. Eta zer da, bada, eskatzen dena? Demokrazia demokrazia denez geroztik ikasgela guztian lehen ikasgaia dena: herria dela boterearen jabe bakarra. Eskola, ordea, ez da mundua ulertzeko tokirik aproposena. Eskolak nahi genukeena erakusten digu, desira genukeena. Mundua bestelakoa da. Munduan, mundu honetan behinik behin, ezpataz galdu genuenoi morroi izatea tokatzen zaigu, eta guztiok jakina dena aldarrikatzen dugunean, espainiarrengandik itxurazko erantzun bat ere ez dugu jasotzen. Horixe da galtzailearen pathosa. Ganorazko debate baterako ere eskubiderik ez izatea. Zeren eta egunkaria zabaldu besterik ez dago argudioak non geratu ziren ohartzeko. Ez. Horixe da, politikari dagokionez, espainiar liberalengandik espero dezakegun hitz bakarra, taula sakratuan izkiriaturik, gainera. Has zaitez ezabatzen, ezpata armairutik atera gabe.