GARA DONOSTIA

Errauste planta gelditu izana ospatzeko jaialdia egingo dute hilaren 29an Usurbilen

«Nik ere erraustegia gelditu dut» lelopean, jaialdia antolatu dute hilaren 29rako Usurbilen, Zubietan egitekoak ziren errauste planta bertan behera gelditu dela ospatzeko. Hala iragarri zuten atzo prentsaurreko batean Gipuzkoako Errausketaren Aurkako Plataformen Koordinadorak, Eguzkik, Ekologistak Martxanek eta Gipuzkoa Zero Zaborrek.

Eragileen esanetan, azken urteetan maiz agertu behar izan dute gipuzkoarren osasuna eta ingurumena kaltetuko zituen errauste planta eraikitzeko asmoen aurka. «Ez dira gutxi izan, herri batean eta bestean, mehatxu horri aurre egiteko egindako deialdi eta ekimenak», adierazi zuten.

Egoera horretan, beraiek ere beren ekarpena egin dutela gaineratu zuten, eta saiatzeak, «azkenean», fruitua eman izanagatik poza agertu zuten: «Guztion artean planta toxikoa bertan behera uztea lortu dugu». Hala, meritua «guztiona» dela esan zuten, aldarrikapenarekin modu batean edo bestean bat egin duten guztiek gelditu dutela gaineratuz.

Gauzak horrela, errauste planta gelditu izana, «lorpen handi hori», ospatzeko deialdi bat egin zuten, aurreko beste hainbat kasutan ez bezala, ahaleginik eskatzera ez zetozela esan eta gero. Hala, hilaren 29rako Usurbilen antolatu duten «Nik ere erraustegia gelditu dut» jaialdian parte hartzeko deia egin zuten, azpiegitura gelditu izana «guztion» artean ospatu behar dela esanda.

«Milaka eta milaka herritarren bultzadak egin du posible -azpimarratu zuten- bakoitzak bere erara, unean uneko kolaborazioen bidez, mobilizazioetan parte hartuz, jendeari gaiari buruzko informazioa emanez...». Horregatik, norbanako orok jaialdian bere lekua daukala adierazi zuten.