GARA MOSKU

Putinen etsai Khodorkovski aske gelditu da, hamar urtez preso egon ostean

Mikhail Khodorkovski petrolio magnate ohia aske gelditu zen atzo, hamar urte baino gehiago preso egon ostean. Horietako batzuk Siberian eman ditu. Berez datorren urteko abuztuan zen kartzelatik ateratzekoa.

Errusiako pertsona aberatsena izan zen Mikhail Khodorkovski petrolio magnatea atzo atera zen kartzelatik. Yukos petrolio-enpresako presidente ohia eguerdia pasata atera zen Segezhako espetxetik (Kareliako eskualdea).

Aske gelditu eta Alemaniarako hegazkin bat hartu zuen, bertan bizi baita bere ama. Angela Merkelek Khodorkovskiren kaleratzea albiste ona dela esan zuen: «Ez ditut baloratu nahi Putinek hari indultua emateko arrazoiak, baina ongi egin genuen gaia ez ahaztuta eta behin eta berriro jorratuta».

Ostegunean, Vladimir Putin presidente errusiarrak indultua sinatu zuen, arrazoi humanitarioak argudiatuta. Bere hitzetan, Jodorkovskik hala eskatu zion, ama, 79 urtekoa, oso gaixo duelako. Orain arte beti egin dio uko indultua eskatzeari, hori egitea nolabaiteko errunduntasuna aitortzea zelakoan. Bere kartzelatzea Putinen mendeku politiko bat izan zela adierazi du beti. 2005ean zerga-iruzurragatik eta bestelako iruzurragatik zigortu zutenetik -bi urte lehenago atxilotu zuten-, Putinen aurkari ezagunena bihurtu da. Berarekin batera bere kide Platon Lebedev atxilotu zuten. 2010ean, bigarren epaiketa bat izan zuen «petrolioa lapurtzeagatik eta zuritzeagatik». Sei urteko kartzela zigorra ezarri zioten arren, bi aldiz murriztu zioten. 2014ko abuztuan zen berez kartzelatik irtetekoa.

«Kommersant» egunkariaren arabera, Errusiako zerbitzu sekretuek indultua eska zezan presio egin zioten. Zehaztu zuenez, hilaren hasieran, zerbitzu sekretuetako zenbait kidek bisita egin zioten kartzelan. Bere amaren osasun egoera larriaz ohartarazi omen zioten. Bere kontra diru-zuriketagatik hirugarren ikerketa bat zabaldu ziezaioketela ere esan zioten.

Ekonomialari eta analista politikoen ustetan, Kremlinek Khodorkovskiren kaleratzea baimendu du bere irudia hobetu nahian, otsailean Sochin ospatuko diren Neguko Olinpiar Jokoak baino lehen.

Serguei Guriev ekonomialariaren ustez, Khodorkovski aske egoteak ez du aparteko aldaketarik ekarriko negozio munduan, baina inbertitzaileei «esperantza eman diezaieke». «Jada ez da sistemarentzat mehatxu bat. Orain aske uzteak ez ditu auzi honek duela hamar urte gizartean eta ekonomian eragin zituen zauriak sendatuko», gaineratu zuen «Vedomosti» egunkariak.