GARA

Trintxerpeko suteko kaltetuei ostatu emateko etxebizitzak jarri ditu Lakuak

Urtezaharrean gauerdia jota etxebizitza galdu zuten trintxerpearrei ostatu emateko «nahikoa» etxebizitza eskaini zituen atzo Irune Berasaluze Alokabide sozietate publikoko zuzendari orokorrak. Ildo horretan, kaltetuen egoera argia ikusten hasi dela esan daiteke.

Efe albiste agentziaren arabera, bilkura izan zuten atzo Alokabideko arduradunek Pasaiako Udaleko ordezkariekin. Bertan, sutearen ondorioz etxebizitzarik gabe geratu diren 42 familiei ostatu emateko adina pisu jarriko dituela agindu zuen Berasaluzek. Etxebizitza horiek Morlans eta Intxaurrondo Donostiako auzoetan, Errenterian, Hernanin eta Irunen kokatuta egongo lirateke.

Gauzak horrela, Pasaiako Udalak aste honetan zehar bidaliko die Alokabideko ordezkariei etxebizitzarik gabe geratu diren familien zerrenda, bakoitzaren inguruko xehetasunekin. Modu horretan, eta familien gaineko informazioa esku artean izanik, bakoitzaren beharretara egokituko litzatekeen etxebizitza banaketa egingo luke Alokabidek.

Alta, lehen sei hilabeteetan dohainik egon ahal izango dira familia guztiak etxebizitza berrietan, eta epe hori gainditutakoan, azterketa bat egingo luke sozietate publikoak familia bakoitzaren ondarearen arabera ordainketari ekin beharko dioten edo ez erabakitzeko.

Aurrez aipatu iturrien arabera, ezin izan zaie Pasaian bertan eman ostatu etxea galdu duten familiei, bertan dauden 64 etxebizitzak «zenbait tramite burokratikoren faltan direla-eta». Hala ere, birkokatuak izan diren familiek Pasaiako etxebizitzetara mugitzea eskatu ahal izango dute behin arazo burokratikoak gainditzen direnean.

Alkatearen agerraldia

Gauzak horrela, Trintxerpeko sutearen ondorengo urratsen berri eman eta familien birkokatzearen inguruko balorazioa egiteko agerraldia egingo du gaur bertan Amaia Agirregabiria Pasaiako alkateak, sutea piztu zen gunetik 200 metro ingurura dagoen Alkateordetzan.