Aitziber Pz. KARKAMO
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Badator itsasoa

Ostirala edo larunbata ote den ez dakizun ordu horietako batean izan zen. Loak hartu ezinik, furgonetako kristaletako lurrunak herri arrotzak ezkutatzen dizkizun une horietako batean. Alcala Mecora bidaian gindoazela, bidaia lagun nuen Hondarribiko gazte presoaren aitak honakoa esan zidan iristeko falta zitzaizkigun kilometroak aipatu ostean: «Badakizu, Meco da Estatuan itsasotik urrunen dagoen puntua». Jarraian, burua jiratu eta leihotik begira zera gehitu zuen: «Eta nire semeak itsasoa behar du bizitzeko». Orduan konturatu nintzen dispertsioaren beste zigor batekin. Hondarribitik Alcalako espetxera hurbiltzen gintuen kilometro bakoitza, presoa itsasoaren kresaletik urruntzen zuen kilometro bat gehiago zen. Sakabanaketaren krudeltasunaz ohartu nintzen eta orduan konturatu ere, barnealdekoa izanik, itsasoak duen garrantziaz.

Egunotan itsasoak gogor kolpatu ditu kostaldeko hainbat herri, jakina baita sarri olatuei errespetua izan behar zaiela eta tentuz begiratu behar zaiela itsasertzetik. Itsasoak min eman dezake, baina gurea itsas herria da. Askori entzun eta irakurri diot azken egunotan asteburuko olatuak larunbateko manifestaziora hurbiltzen zen itsaso handiaren aurrerapena zirela. Horrela behar du izan, eta artikulu hau bidaltzeko orduan jakin ditudan azken orduko albisteak ikusita, itsasoak gure herrietako bazter denak har ditzan espero dut.

Larunbatean itsasoa bere handitasunean agertu eta altxatu dadin, milaka tantaren beharra dago. Norbaitek galde dezake zer garrantzi ote duen tanta xume batek itsaso zabalean; nik dakidana da itsasoari falta zaion tanta bakoitza gabe, itsasoa txikiagoa izango litzatekeela eta herri honek itsasoa behar du bizitzeko.