EDITORIALA
EDITORIALA

Tantaz tanta, elkarrekin itsaso, denetan erantzun onena emateko

Zuen proposamenak zenbat eta zentzuzkoagoak izan, orduan eta gehiago jazarriko zaituztete», Alec Reid apaiz irlandar zendu berriaren hitzok, Arnaldo Otegiri esanak eta aztarna sakona utzi ziotenak, egia borobil gisa ageri dira, berriz ere. Tamalez, baina, egia. Denborak, polizia sarekadaz sarekada, arrazoia eman dio Alec Reid zenari. Azken urteotako gurpil zoro makabro baten logika da: ezker abertzaleak egiten duen urrats erabakigarri bakoitzeko, Estatu espainolak horren bultzatzaileak atxilotuz erantzuten du.

Atzo Guardia Zibilak zortzi euskal herritar atxilotzeko egin zuen sarekada enbor bereko ezpala da. Izan ere, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak duela hamar egun iragarri zuen ekimenaren ondoren dator eta ez dirudi, inolaz ere, polizia operazioa noiz eta nortzuen aurka egitea erabaki dutenentzat arrotza zenik datua, kasualitate hutsa zenik. Ez, atzoko operazioak mahai gainean bi indar antagoniko daudela agerian utzi du. Batetik, pertsona guztien eskubideen bermean oinarritutako etorkizun bat pentsatu, landu eta hitzartu nahi dutenak eta, bestetik, inboluzioa bilatzen dutenak, normalizazioaren bidea usteltzea, salbuespen egoera bat betikotzea.

Badira ere gauzek dauden horretan segitzea, «bien erdian» kokatzea, nahi den moralitate batean aurkeztu nahi dutenak. Baina beren burua erretratatuko dute, beste behin ere. Euskal Herrian, salbuespenezkoa dena batzuek eskubideak izatea da eta beste batzuek ez, batzuei Zuzenbidea modu batean aplikatzea eta besteei beste modu batean. Herritarrak atxilotuak izan daitezke, oinarri legalik gabe, Madrilera indarrez eramanak izan daitezke, infernu pertsonal bat jasan dezakete. Eta horren aurrean ez dago moralitate goren baten pulpituan ikusle eta distantziakide egoterik. EAJk ezin dezake ez ikusiarena egin. Lidergo falta erakutsi, erakuts dezake, baina ez arduragabekeria konplizea.

Alderdiak interpelatzekoa baino, gizartearen ordua da. Eta horretarako baldintza egokiak dira oso. Erronka handia dago etzi Bilbon, itsaso bat osatzeko erronka. Tanta bakar bat oso gutxi izanda ere, gainerako guztiak bezain ezinbestekoa da denak elkarrekin indar geraezina izateko, itsasoa izateko. Denak konponbidera eta bakera arrastatzeko moduko itsasoa. Denetan erantzun onena delako.