GARA

Diru publikoa alokairua sustatzeko erabil dadila eskatu du EH Bilduk

Gasteizko Legebiltzarrean sustatzen ari diren etxebizitzaren lege proposamenari 77 zuzenketa aurkeztuta, lege honek alokairua sustatzera bideratua egon behar duela aldarrikatu du EH Bilduk. Era berean, hutsik dauden etxebizitzen gainean kanon bat ezartzea proposatu du.

77 zuzenketa aurkeztu zituen atzo EH Bilduk Gasteizko Legebiltzarrean lantzen ari diren etxebizitzaren lege proposamenean atzemandako gabeziak bete eta etxebizitza politika berri baten oinarriak jartzeko, Marian Beitialarrangoitia koalizioko kideak azaldu zuenaren arabera.

Haren arabera, Lakuako Gobernuak gaur arte garatu duen etxebizitza politikak «ez dio etxebizitza eskubidea bermatzen gizartearen sektore handi bati». Ondorioz, politika hori «errotik» aldatzearen aldeko apustua egin zuen, «bistakoa delako zerbait gaizki egin dela».

Orain arteko politika «errotik» aldatu behar dela abiapuntutzat hartuta, etxebizitzaren legeak alokairuaren aldeko «apustu garbia» egin beharko lukeela gaineratu zuen Beitialarrangoitiak. «Argi utzi behar da etxebizitzak eraikitzeko erabiltzen den diru publiko guztia alokairura soilik bideratu behar dela. Diru publikoa pribatizatzeari utzi behar zaio», aldarrikatu zuen.

Hein horretan, alokairuaren aldeko apustua ezin dela «koiunturala» -krisi ekonomikoak hala bultzatzen duelako- izan erantsi zuen, aitzitik, «egiturazkoa» izan beharko lukeela, eta krisia gainditu ondorenean ere alokairuaren aldeko apustuari eutsi beharko zaiola azpimarratu zuen. Ildo horretan, eta alokairua sustatze aldera, errenta, gehienez, familiaren diru sarreren %30ekoa izan dadila proposatu zuen EH Bilduko legebiltzarkideak, %15ekoa etxebizitza sozialen kasuan.

Hutsik dauden etxebizitzak

Bere agerraldian hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzearen aldeko neurriak hartzearen alde ere agertu zen Beitialarrangoitia, «hutsik badaude ez direlako euren funtzio soziala betetzen ari». Ildo horretan, hutsik dauden etxebizitza horien gaineko kanon progresibo bat ezartzea proposatu zuen, erabili gabe jarraituz gero urtez urte igo egingo litzatekeena.

Aipatu proposamenaren arabera, okupatu gabeko pisuen jabeek 10 euro ordaindu beharko lituzkete eguneko lehenengo urtean, 12 euro eguneko bigarrenean eta 15 hirugarren urtetik aurrera.

Gauzak horrela, Lakuako Gobernuak «lidergoa» hartu behar duela adierazi zuen Beitialarrangoitiak eta, horretarako, eta etxebizitza politika berri bat sustatze bidean, erakunde publiko bat sortzea proposatu zuen, arlo honi dagokionez, bederen, «zenbait instituzioren eskuetan dauden politika ezberdinak zentralizatzea eta koordinatzea» helburu izango lukeen erakunde bat.