N. B. DONOSTIA

Herri Irratiaren soinu artxibategi garrantzitsua barne hartu du Eresbilek

Eresbil Musikaren Euskal Artxiboak zortzi funts dokumental berri jaso zituen 2013. urtean zehar. Horiek guztiak oso garrantzitsuak badira ere, aipagarria da Herri Irratiaren soinu artxibategia. Zortzi funts horiek guztira 26.000 dokumentuz osatuta daude, eta orain arte katalogatu dituzten 216.206 dokumentuetara gehitzen joango dira pixkanaka.

Herri Irratiko funtsari dagokionez, oso zabala da eta hori guztia katalogatzeko urte batzuk beharko dituzte. «Lehenengo zenbaketa bat egin dugu, baina antolatzea falta zaigu. Funtsak kolore berezi bat dauka 1950eko hamarkadako zenbait grabazio daudelako eta artxibo argitaragabeak ere badaudelako», azaldu zuen Jon Bagues Eresbileko zuzendariak.

Horrekin batera, Manuel Zubillagaren funtsa, Jose Urquijorena, Ezkila argitaletxearena, Ruperto Iruarrizaga konpositorearen eskuizkribuak, Imanol Olaizolaren disko bilduma, Jose Menendez Tafallako organo-jotzailearen liburutegi musikal pertsonala eta Tolosako Zabala familiaren XIX. mendeko ezohiko partiturak.

650.000 euroko aurrekontua du urteko Eresbilek, Lakuak, Gipuzkoako Diputazioak, Errenteriako Udalak eta Andra Mari Koralak lagunduta. Diru horren zati handi bat urtero antolatzen duten Musikastea prestatzeko erabiltzen dute eta, horregatik hain zuzen, aurten laguntza eske ari dira. «Hasieratik Kutxaren babesa izan dugu, baina iaz ez. Laguntza hori berreskuratzea espero dugu betidanik babesle nagusia izan delako», aipatu zuen Baguesek.

Diru laguntzen galera hori dela-eta, Baguesek uste zuen dokumentu gutxiago eskuratu ahal izango zutela 2013an, baina ez da hala izan: «Aguantatu dugu. Herri Irratiaren fondoei esker kopuru handia lortu dugu, eta hori gabe ere funts dezente lortu ditugu, donazioen bidez edo lankidetzei esker; ez dugu dokumentuak erosteko dirurik, baina bai beste elkarteekin trukatzeko dokumentuak».