GARA DONOSTIA

Oiartzungo Beloaga gaztelua ondare kultural izendatzeko eskatuko diote Lakuari

Aranzadi zientzia elkarteak eta Beloaga Bizirik elkarteak hitzarmena sinatu dute, Oiartzungo Erdi Aroko Beloaga gazteluaren balioa nabarmendu eta Lakuako gobernuari ondare kultural izenda dezala eskatzeko.

Erdi Aroko material ugari kontserbatzeaz gain, estrategikoki oso ondo kokatuta dago Oiartzungo Beloaga gaztelua, Donostia eta Hondarribia ikus daitezke bertatik. Gazteluaren balioa nabarmentzeko helburuarekin, Beloaga Bizirik elkarteak eta Aranzadi zientzia elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu zuten atzo, Lakuako gobernuari gaztelua ondare kultural izenda dezala eskatuz.

Aranzadik 2011n gaztelua konpontzeko proiektua egin zuen, baina ikusita diru falta zela-eta ez zela martxan jartzen, eta gaztelua berriro abandonatuta geldituko ote zen kezkaz, herritar talde batek Beloaga Bizirik elkartea sortu zuen pasa den irailean.

Izan ere, indusketa arkeologikoak burutu zituen Aranzadik 2012an eta bertan aurkikuntza esanguratsuak egin zituzten. Javi Bucesek eta Alfredo Morazak zuzenduta, hiru garaitako aztarna arkeologikoak topatu zituzten: Erdi Arokoak, II. Karlistadakoak eta 36ko gerrakoak (geziak, aiztoak, dadoak, zeramikak...). XIII. eta XV. mende arteko txanpon bilduma bat ere topatu zuten.

Beloagako gaztelua 1200. urtean konkistatu zuen Gaztelako Alfontso VII.ak eta Erdi Aro osoan Nafarroako Erresumaren eta Gaztelakoaren arteko liskarretako etengabeko protagonista izan zen. II. Karlistadako (1872-1876) eta 36ko Gerrako kapitulu batzuk ere idatzi ziren bertan. Besteak beste, errepublikazaleen trintxerak egon ziren bertan, eta gero, frankisten errepresio-gune bihurtu zen, zigortutako langileen batailoiak egon baitziren Arkale mendian.