IKUSMIRA
IKUSMIRA

Zabalgarbiren arazoak eta negozioak herritarren eta adituen iritzia baino garrantzitsuagoak ote?

Zabalgarbik errauste lerro bi aurreikusita zituen, baina herritarren oposizioak -eta bideragarritasunik ezak- bakar batera mugatu zuen proiektua. Ezagunak dira erraustearen aurkako argudioak, osasunari eta ingurumenari lotuak. Inork ez du birziklatzeko beharra zalantzan jartzen, eta frogatuta dago errausteak birziklatzea eragozten duela; hala ere, negozioa da. Zabalgarbiren arduradunek espero zutena, ordea, ez da bete, eta gainera Europako zuzentarauek plantaren isurpenen parte bat energia bihurtzera behartzen dute. Horiek horrela, errauste plantak Zorrotzaurreko milaka etxebizitza eta enpresaren berokuntza sarerako lurruna ematea nahi dute. Bilboko Udalak eta Zorrotzaurreko Batzorde Kudeatzaileak horrelako proiektu bat aztertu zuten aspaldi, eta hartarako ikerketa eskatu zuten, baina herritarren eta hainbat eragileren oposizioa dela-eta, baztertua zuten. Orain ordea, Udala eta Batzorde Kudeatzailea Zorrotzaurreko hirigintza garapenaren bigarren fasean proiektu hori gauzatzeko aukera aztertzen ari dira. Bizilagunen eta unibertsitateko adituen iritzia ez baita Zabalgarbiren arazoak eta litezkeen negozioak bezain aintzat hartzekoa, nonbait.