JOXEMARI CARRERE
IPUIN KONTALARIA

Sorginak

Sorginak ez dira existitzen», dio neska txikiak. «Zergatik ez?», galdetzen diot. «Nire aitak esan dit». Hortik aurrera ez dago eztabaidatzerik; jakina, nola aitaren hitza zalantzan jarri. Dena dela, segur aski, aitak ez dio esan Olentzero ez dela existitzen, nola kenduko dio ilusio hori? Are gehiago, aitak gozatu egingo du, normala denez, haurra gezur txiki horretan biziarazten; izan ere, kalean Olentzero ikusitakoan, eta zer esanik ez opariak jasotakoan, jartzen zaion aurpegi dirdiratsuak merezi baitu. Zergatik, ordea, Olentzero bai eta sorginak ez? Edo mamuak, edo galtzagorriak, edo intxixuak. Ulergarria da gurasoen aldetik haurrak sineskeriarik gabeko bizitza eman nahi izatea, errealitatean txertatuak nahi izatea, alferrikako beldurrak ez sorraraztea. Askotan, ordea, nahasten dira sineskeriak irudimenaren munduarekin, fantastikarekin, imaginarioekin, sinbologiekin. Borondate onarekin segur aski, ordea, mundu fantastiko horien ukatzea irudikatzearen bideari trabak jartzea da. Haurrak bezala, helduok ere egunerokotasunaren errealitatea bizi dugu, logikarena, zehaztasunarena; baina era berean, mundu ilogikoak, ametsezkoak eta ulergaitzak txertatuak daude gure baitan. Ametsen lurraldetan barneratzen garenean, gure izatearen parte badira, logikatik kanpo badaude ere. Pertsona humanoak hainbat pertsonaia mitologiko eta fantastiko sortu baditu ez da izan errealitateari ihes egiteko, errealitatea bera, bizitza bera ulertzeko baizik. Kontalarion zeregina agian existentzia horien berri ematea da, sorginak, intxixuak, basajaunak, etsai zaharrak, lamiak... desager ez daitezen. Haurrak eta helduok logikatik bezala fantastikatik ere ikas dezagun.