Nagore BELASTEGI DONOSTIA

«Tormesko itsumutila» film animatu bihurtu dute, euskaraz

Espainiar literaturako klasikoa den «Tormesko itsumutila» nobelan oinarritutako marrazki bizidunetako filma zuzendu du Juanba Berasategik, Euskal Herriaren eta Andaluziaren arteko ekoizpen lankidetzan. Canal Sur katean eskaini dute jada, ETBn oraindik ez.

Juanba Berasategi zinemagileak espainiar literaturako klasikoa den «Tormesko itsumutila» eleberria animaziozko film bihurtu du. Orixek 1929an euskaratu zuen testua, eta garai hartako hizkerari eutsi ez dioten arren, oinarrian hartu dute narrazioari heltzeko.

Gidoia Joxean Muñozek eta Mitxel Muruak idatzi dute. Hauek eleberriaren bi pasarte moldatu dituzte, eleberri osoa film bakar batean sartzea ezinezkoa litzatekeelako. Hala, Lazaro mutikoak itsuarekin duen abentura -nobelari izena ematen dion kontakizuna- eta Maquedako apaizarekin igarotzen duen denbora azaltzen dituzte. Juanba Berasategik azaldu bezala, «Tormesko itsumutila» ez da haurrentzako eleberria, baina hala ere eskolan gaztetxo gehienek irakurri behar izaten dute. «Istorio antiklerikala da eta Inkisizioak debekatu egin zuen. Istorio gogor bat kontatzen du, horregatik uste dut ez dela haur literatura», azaldu zuen. Filma 12 urtetik gorakoentzat egin dute, baina adaptazio librea egiterakoan istorioaren gordintasuna alde batera utzi dute.

Mitxel Muruaren hitzetan, «literaturak beti du zer erakutsi eta kasu honetan pikardia du irakasgai; XVI. mendeko Gaztelaren egoera erakusten digu, pobrezia, eta egoera horretatik ateratzeko pertsonaiek egiten dituzten ahaleginen berri dugu».

Filma Euskal Herriaren eta Andaluziaren arteko ekoizpen lankidetza da, baina zuzendariak Gaztela-Mantxa eta Gaztela eta Leon (istorioa bertan gertatzen da) inplikatu nahi zituen. Bertara joan zen eta itsumutilari buruz aurkitu zuen bakarra honen inguruko ibilbide baten seinalea izan zen. Zinemagilearen ustez, bertako gobernuak ez du lurraldeak duen ondarea zaintzen, izan ere, Toledoko liburutegi batera joan zen eta XVI. mendeko irudi edo dokumentuak eskatu dituen: «Esan zidaten liburu bat bazegoela eta oso garestia zela. Amerikar batek idatzitakoa, eta idazlea askotan bertako taberna batean egoten zela kafea hartzen. Liburua erosi nuen eta idazlearekin hitz egitera joan nintzen». Hark esan zion dokumentu horiek guztiak bere kabuz aurkitu zituela eta Diputazioaren esku utzi nahi izan zituela, baina pikutara bidali zutela eta horiek gordetzeko aukera bakarra liburua editatzea izan zela. «Azkenean galdu egingo dira, idazlea hiltzen denean», esan zuen zuzendariak.

Malagan aurkeztua

Filma telebistarako egina da, ez zinema areto komertzialetan eskaintzeko, Lakua, ETB, Andaluziako Junta eta Canal Sur-en laguntza izateaz gain, Madrilgo gobernuak ere dirua eman zuelako. «Urte bakar batean telebistarako filmak egitera bideratu zuen programa bat eta proiektu hau bertan sartu zen. Diru horrekin egina denez, legez, ezin dugu zinema komertzialetan eskaini», azaldu zuen Berasategik. Horregatik ere Malagako Zinemaldian aurkeztu bazen ere, ezin izan zen lehiaketarako sail ofizialean sartu. Horrez gain, Canal Sur kateak Gabonetan eskaini zuen telebistan, ETBk oraindik datarik jarri ez badio ere. «Esan dugu pikardia espainola dela, euskaldunak inuxenteagoak gara», esan zuen Muruak txantxetan.

Koprodukzioa izan arren, euskarazkoa da jatorrizko bertsioa. Filmaren zuzendariaren ustez haurrentzako marrazki bizidunetako filmak euskaraz izan daitezen eskaera handia dago. «Lakuako gobernuak badauka programa bat, Zineuskadi, euskarara itzulitako filmak eskaintzeko. Ekimen polita da baina akats bat dela uste dut, irakurketa maltzurra egin dezaketelako, Katalunian bezala: ordu berdinean leku berdinean euskarazko eta gaztelerazko bertsioa jarriz gero, joera da gaztelaniazkoa ikustera joatea, eta estatistikak eginez gero ondorioztatu dezakegu Euskal Herrian ez dagoela euskararengatik interesa. Haurrei eskainitako filmekin, berriz, kontrakoa gertatzen da. Soluzioa ez da haurrentzako filmak soilik itzultzea baizik eta konpetentzia ez egitea», uste du Berasategik.