ahaldun nagusiaren bisita

Orioko herritarren eta elkarteen kezkak ezagutu ditu Martin Garitanok

Orion izan zen atzo egun osoan zehar Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia. Herrialdeko herrien erradiografia osatu asmoz egin zuen bisita. Ildo horretan, etorkizunean neurri ezberdinetako herriak bisitatuko dituela aurreratu zuen. Udal ordezkarien laguntzaz, herriko eragile eta elkarteen arazoak eta kezkak entzun zituen. Arrantzaleen Kofradiako ordezkariekin ere egon zen, baita Arraun Elkarteko kideekin ere. Era berean, herrian dagoen euskararen egoerari buruzko informazioa jasotzeko aukera izan zuen «Euskaraz bizi-bizi» udal programako arduradunen eta «Karkara» herri aldizkariko ordezkarien eskutik. Kaskoa utzi eta inguruko errepideen egoera ikustera ere gerturatu zen -Igeldora doana eta Bentako bidea kasu-, azken egunetako euriteak direla eta, luiziak izan baitira. Hala, egoera horrek sortzen dituen arazoen berri izan zuen bertako bizilagunen ahotik. Bisita amaitzeko, herritarrekin bilera irekia izan zuen kultur etxean. Bertan, oriotarren kezkak entzun zituen eta beraiek egindako galderei erantzun zien.