GARA

Soria ministroari Garoña behin betiko ixteko eskatu diola esan du Marotok

Javier Marotok atzo jakinarazi zuenez, joan den astean hitz egin zuen Jose Manuel Soriarekin, eta zentral nuklearraren berrirekitzea ez baimentzeko eskatu zion. «Koherentziaz gauza bera esan dut eta errepikatuko dut: Garoña behin betiko itxi beharra dago».

Gasteizko alkate Javier Marotok Garoña behin betiko ixteko eskatu dio Industria, Energia eta Turismo ministro Jose Manuel Soriari. Esan zuenez, duela gutxi hitz egin zuen harekin, eta Burgosen dagoen zentral nuklearraren berrirekitzea ez baimentzeko eskatu zion.

Atzo, Gasteizko Udaleko Ingurumen Batzordean Garoñaren kontra behin baino gehiagotan agertu dela adierazi zuen Marotok, bai PSOE Gobernuan zenean bai Mariano Rajoyren egungo agintaldian.

«Koherentziaz gauza bera esan dut eta horrela errepikatuko dut: Garoña behin betiko itxi beharra dago», nabarmendu zuen alkateak; hain zuzen ere, ekainean PPko boto-diziplina apurtu zuen alkateak Gasteizko Legebiltzarrean. «Nire kontzientziak hori agintzen dit», azaldu zuen.

Baina «agindu» hori ez da nahikoa oposizioarentzat. EH Bildu udal taldearen bozeramaile Kike Fernandez de Pinedok, esaterako, gogor kritikatu zituen Marotoren adierazpenak. «Pribatuan egindako alferrikako bileren eta prentsan egindako adierazpenen atzean ez dago ezer, marketin hutsa soilik», salatu zuen.

Alde horretatik, zinegotziak udal taldeetako bozeramaileen eta Garoña zentral nuklearraren jabe den Nuclenor enpresaren arteko bilera dei dezala eskatu zion hiriko alkateari. «Marotok astebete eman du Madrilen Hiriburu Gastronomikoa defendatzen, baina ez da gai gasteiztarron osasunaren alde ezer egiteko», deitoratu zuen.

«Endesa eta Iberdrolaren interesen txotxongilo hutsa ez dela erakusteko aukera dauka», esan zuen Fernandez de Pinedok. Halaber, koalizioak PSEk Garoñari buruz aurkeztuko duen mozioari hainbat gehitze zuzenketa erantsiko dizkiola iragarri zuen. EH Bilduk Nuclenorren jabe diren Endesa eta Iberdrolak herritarren gehiengoaren gogoa errespetatu dezatela eta, beraz, zentralaren jardueraren luzapenari uko egin diezaiotela eskatuko du biharko Udalbatzan.

Gasteizko Legebiltzarra

Bestetik, asteartean EH Bilduko legebiltzar taldeak Nuclenorreko zuzendari nagusiaren agerraldia eskatu zuen. Dani Maeztu legebiltzarkideak adierazi zuenez, «Nuclenorrek argitu behar du zer interes ekonomiko dauden milaka eta milaka pertsonaren segurtasunaren eta ingurumenaren gainetik».

«Arrazoi bakar bat ere ez dago Garoña berriz martxan jartzeko, horrek milioi bat herritarren segurtasuna arriskuan jartzea eta ingurumena suntsitzea ekarriko lukeelako», azaldu zuen legebiltzarkide subiranistak.