GARAI

200 abere eta 120 saltoki ikusgai gaur, Abadiñoko sanblasetan

Ospe handiko azoka asko dago urtean, baina Abadiñoko San Blasekoak ukitu berezia dauka hainbat bisitarirentzat. Aurten, astelehenarekin bat egin arren, egitarau zabala dago azoka girotzeko. Abereen sailean, 200 buru baino gehiago daude ikusgai, eta barazkiak, artisauen lanak... aparteko giroa eta eztarrirako produktu ugari, ohiko koloretako kordelak barne.

Hitzordu nagusirako prest dago Abadiño. Ordu txikitan hasitako animalien prestaketa, postuen apainketa eta gainerako lanak burutu ondoren, eskaintza zabala jarriko dute bertaratuen begi bistara. Jose Luis Navarro alkateak esan duenez, «osagai guztiak» ditu hitzorduak, eta aurten astelehenarekin bat egiten duenez, erosketak lasaiago egiteko aukera izango dute bisitariek. Jendetza bildu ohi da sanblasetan.

Abadiñokoa tradizio handiko ganadu feria da. Alde horretatik, berrehundik gora behi, ardi eta zaldi izango dira aurten. Trinket inguruan, 70 abelburu jarriko dituzte salgai. Herriko abeltzainek 54 buru eramaten dituzte plazara, limusin, piriniar eta txarolesa arrazetakoak. «Arraza puruen» atala ere badago, eta behi arrazez gain pottokak, Enkarterriko astoak edota Euskal Herriko Mendiko Zaldien Elkartearen zaldiak izango dira.

Santo Tomas eguneko azoken ostekoa izanik, San Blasekoak aukera paregabea ematen du baratzetakoak eta etxean ekoitzitako produkturik onenak eskuratzeko. 78 ekoizlek 84 saltoki betetzen dituzte, barazkiak, frutak, ogia, euskal opila, gazta, eztia txakolina eta sagardoa eskainiz, besteak beste. Landareak saltzen hamabi mahai aurkituko dituzte bisitariek trinketeko aparkalekuan, eta Arbaso elkarteak 26 artisauren lanak bilduko ditu Txanporta kultur etxean.

Txanbolin taldeko txistulariek alaituko dute goiza, txosnek ere girotze lan horretan lagunduko dute, eta 12.00etan, ohiko bertso saioa izango da, Xabier Amuriza eta Beñat Ugartetxearekin.

Txikienek tailerrak izango dituzte, eta pilotazaleek frontoian dute hitzordua 11.30etik aurrera. Probalekuan, herri kirolak izango dira, 12.30ean. Bihurri, Olasagasti, Larretxea eta Zelai neurtuko dira aizkoran, eta Joseba Ostolaza eta Izeta II.a, harri jasotzen.

Jaia arrastira arte luzatzen duenak aukera paregabea dauka erromeriarekin amaitzeko. Lotxo taldeak eskainiko du Ferialeku plazan, 17.00etatik aurrera.

Dopin probak idiei

Ospe handiko idi-probak dira San Blasekoak eta berrikuntza birekin datoz. Aurten, korta bakoitzak idi-uztarri bi baino ezingo ditu aurkeztu, eta sariak jasotzeko, Aldundiak egindako dopin kontrolen emaitzak jakin arte ez da saririk emango. Helburua da, dopinari bide guztiak ixtea, Udalaren esanetan. Horregatik, otsailaren 10ean banatuko ditu garaikurrak, baina sariak aste bi beranduago emango ditu, kontrolen emaitzak jakin ostean. 27 idi-uztarri lehiatuko dira gaurtik hasita.