Mikel Aramendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Irudi zaharrei ihes egin nahi

Irakeko aurrekari ezin baliotsuagoari jarraiki, arreta mediatikoaren intentsitatea gutxituz daramatzagu jada hilabeteak. Inork ez du jakingo zein izan den «ISAFekoetan azkena»

Hogeita bost urte beteko dira egun hauetan. 1989ko otsailaren 2an irten zen Kabuldik azken zutabe sobietarra, aurreko urteko Genevako akordioen egutegia betez. Aurreko hamar urteetan eraiki eta erabiliak zituzten azpiegitura militarren zati funtsezkoena M. Najibullah-ren armadari oparitu eta gainerakoa dinamitatu ondoren, 40. gudarosteko ehunka tanke eta ibilgailu blindatu iparralderantz abiatu ziren, man- tso-mantso, ordura arte bide haren zaindari zituzten destakamentuak banan-banan jasoz etxera bidean. Hiruzpalau egun geroago, Salangeko tunela igaro zuen azken aldiz zutabe osoak. Otsailaren 15ean, azken garraio blindatuek Amu Daria ibaia zeharkatu zuten eta Uzbekistango Termezera iritsi ziren Adiskidetasunaren (!) Zubitik barrena. Azken ibilgailuaren atzetik, oinez, denen buruzagia, Boris V. Gromov jenerala «etxeratu» zen. Zubiaren erdian, Maxim semea, nerabe bizargabea baina uniformez jantzia jada, zuen zain lore-sorta batekin; biek elkarri helduta egin zuten zubiaren azken zatia.

Hamalau urte geroago USS A. Lincoln hegazkin ontzian «Mission Acomplished» antzezpena antolatuko zutenen kasuan bezalaxe, garaipenaren irudia izan nahi zuen Termezeko zubikoak, noski. Atzean geratzen zenak, ordea, desegigoaren antz gehiago zuen. 2. Mundu Gerraz geroztik Sobiet Batasunak egindako ahalegin militar konbentzionalik nekosoena izan zen Afganistangoa: 14.500 soldadu sobietarren bizia eta kapital ekonomiko eta politiko ikaragarria kostatakoa. Aurkariei gehiago kostako zitzaien, baina horrek ez zuen irensgarriagoa egiten trantzea. Hamar urte lehenago egindako hanka sartze estrategiko ikusgarriaren ondorioa zen dena, geroak berehala berretsiko zuenez.

Ezkutuan, ordea, helburu askoz doiagoa zuen beharbada Gromoven antzerkiak: 1975eko apirilaren 29an Hubert van Es argazkilari herbeheretarrak atera zuen beste argazki harekiko kidetasunak ekiditea izan zitekeen benetako xedea, seguruenik. Saigoneko Gia Long kaleko 22. zenbakian CIAk Hego Vietnamen zuen egoitza nagusiaren sabaian zetzan Huey helikopterora igo eta ihes egiten ahalegintzen ari zen jende ilara handi hura gogora ez ekartzea, alegia. «Guk ez dugu horrela ihes egin beharrik izan», zatekeen mezua.

Orain, Afganistango eszenategi bertsuan tragikomedia berberaren beste ekitaldi baten amaiera antzezteko ordua iritsi da. Eta eszena-zuzendariak ari dira azken irudia diseinatzen. Hobeto esanda, irudirik eza antolatzen. Argi baitago iluntasunaren aldeko hautua egin dutela aktore guztiek. Irakeko aurrekari ezin baliotsuagoari jarraiki, arreta mediatikoaren intentsitatea gutxituz daramatzagu jada hilabeteak. Eta ondorengoetan ia erabateko ilunpean geratuko gara: maiatzeko hauteskundeei kasu pittin bat egingo zaie, baina handik aurrera argiak erabat itzaltzeko garaia helduko da. Gertatuak gertatu. Inork ez du jakingo zein izan den «ISAFekoetan azkena». Beharbada, noiz egingo duen hanka ere ez. Ez argazkirik ez irudirik.

Garaipenik ezaren irudi baikorrak lortzea oso zaila da nonbait. Hobe, beraz, beltzean iraungitzea.