GARA DONOSTIA
DENBORALEA EUSKAL KOSTALDEAN

Donostian 4,5 milioiko kostua zenbatu dute

Itsasoa haserre ibili da azkenaldian eta aspaldiko gogorren kolpatu du euskal kostaldea. Kai muturrak, txalupak eta zubiak puskatu ditu, kaleetara sartu da eta urez bete du negozio ugari. Ekaitz baten segidan etorri da hurrengoa, babes gisa balio duten azpiegitura txikituak konpontzeko apenas denborarik utzi gabe, ezta kalteak zenbatzeko ere.

Halere, hedabideetan joan den asteburuko denboralearen kalteen zifra batzuk atera dira dagoeneko: Aseguruen Konpentsazio Kontsortzioak 14 eta 16 milioi euro aipatu ditu, Bizkaiko Foru Aldundiak bi milioiko zenbakia eman du eta Gipuzkoakoak 400.000koa errepideak konpontzeko.

Ana Oregi Lakuako Gobernuko Ingurumen sailburuak, aldiz, goizegi iritzi dio zifrak emateari, «oraindik kalteak aztertzen ari direlako» eta «kontu oso delikatuak direlako». Atzo Efe agentziak jaso zuenez, behin denboraleak igarota, eta olatu bortitzek eragindako txikizioen berri zehatzagoa dutenean, euskal kostaldearekin lotura duten instituzio guztiak gonbidatu ditu mahaian eseri eta egoera aztertzera: udalak, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak eta gobernu espainola.

Iragarri zuenez, heldu den astearen amaieran izanen litzateke bilera Gasteizen eta kostuez mintzatzeaz gain, konponketa planak diseinatzeari ekitea izanen litzateke asmoa.

Normaltasuna eta segurtasuna

Donostiako Udal Gobernuak 4 eta 4,5 milioi arteko zifra eman zuen atzo. Hasierako kalkulua da eta Udalak eta Kosten Mugapeko atalak ordaindu beharreko kalteak hartzen ditu barrenean. Txikizio horien artean Paseo Berriko horma, Kontxako kabinak, hondartzetarako sarbideak, zubiak eta Zurriolako kai muturra nabarmendu zituen.

Horiei batu behar zaizkie egun hauetako garbiketa eta konponketa lanak, kaian egin beharreko lanak, eta orain arte sartzeko aukerarik izan ez den hainbat gune, besteak beste, uhartea eta Ondarretako eta Zurriolako kabinak. Ondorioz, zifrak goiti eginen du.

Bi izan dira Donostiako Udal Gobernuaren lehentasunak, Nora Galparsoro Azpiegitura eta Zerbitzuetako zinegotziak azaldu zuenez: «Hiria normaltasunera bueltatzea eta kaltetutako puntuak segurtatzea». Krisi mahaia martxan egon zen atzo egun osoan eta denboraleari aurre egiteko neurriak ezarri zituen. Adibidez, Salamanca pasealekua itxi zuen ibilgailu eta oinezkoentzat. 50 boluntario inguruk ere bat egin zuten langileekin, herritarrek eta Donostiako Piratek. 18.00etatik aurrera jendea debekatutako lekuetara ez sartzea kontrolatu zuten.

Bestalde, Galparsorok adierazi zuen Udal Gobernuak espero duela Kosten atalak bere lanak azkar egitea, premiazkoa baita hainbat tokitan moldaketak egitea. Paseo Berriko horma eta batez ere Zurriolako kai muturra babes garrantzitsuak dira hiriarentzat eta lehenbailehen konpondu behar dira.

Lau lagun zaurituta haizegatik; eta gaur, berriro alerta laranja

Olatu handiak ez ezik, haize zakarra izan dugu egunotan eta lau lagun zauritu dira Bizkaian. Astearte iluntzean gertatu ziren lau istripuak. Bilbon, 19.35ean, Libertate kalean oinez zihoala gizon bati teila bat erori zitzaion sorbalda gainera eta Basurtuko erietxera eraman behar izan zuten. Geroxeago, 19.55ean, Barakaldon beste gizon bati txintxor bat jauzi zitzaion Nafarroa kaleko eraikin batetik eta Gurutzetako ospitalean artatu zuten.

Herri honetan, 21.00etan, haizeak emakume bat ere bota zuen lurrera eta bera ere ospitalera eraman zuten. Laugarren ezbeharra Portugaleten gertatu zen, 20.10ean. Hemen gizon bat kolpatu zuen haizeak iraulitako kontenedore batek, Gregorio Urquiano kalean. Sendagileek lekuan bertan artatu zuten zauritua.

Zauritutako lau lagun horietaz gain, beste 30 bat ezbehar ere eragin zituen asteartean haizeak Bizkaian. Suhiltzaileek hogei irteera egin behar izan zituzten, bereziki Bilbon eta Ezkerraldeko herrietan, txintxorrak, zuhaitzak eta objektu ugari erori zirelako. Hiriburuan argindarra joan eta etorri ibili zen, eta kale nagusietako semaforoetan ere eragina izan zuen horrek, adibidez Autonomia kalean.

Hegaldiak ere oztopatu zituen denboraleak. Alacantetik eta Madriletik Loiuko aireportura zihoazen hiru hegazkin desbideratu zituzten, eta beste hiru irteera bertan behera utzi behar izan zituzten.

186 kilometro orduko abiaduran ibili zen haizea Iratiko oihanean eta, kostaldean, 105 kilometro ordukoan Zokoan. Astearte iluntzean, Biarritzeko aireportu inguruan, Iraty eremuan dagoen merkataritza zentroko galeria berri batzuetako teilatua eraman zuen. Gaurko berriro ere alerta laranja ezarri dute haizeagatik. GARA