Ane ARRUTI TOLOSA
«LASA ETA ZABALA» PELIKULAREN FILMAZIOA

Thriller osagaiak izan arren, presente jarraitzen duen errealitatea

Joxean Lasa eta Joxi Zabala gazteak bahitu, torturatu eta kare bizitan desagerrarazi zituztela 31 urte beteko dira, eta gertakari haietan oinarrituta, Pablo Malo zuzendari donostiarra «Lasa eta Zabala» thrillerra filmatzen ari da. 1995ean Tolosako hilerrian egindako lur-ematea eta Ertzaintzarekin izandako istiluak grabatu dituzte egunotan. Gaia dela-eta, finantzaketarako arazoak dituzte hainbat banketxe eta telebistarekin. Zinemaldian estreinatzea espero dute irailean.

Zinta itsasgarriarekin itxitako bi hilkutxa senitartekoek sorbalda gainean hartuta, Tolosako hilerriko eskaileretan gora, barruan zituzten gorpuzkiak norenak ziren jakiterik izan gabe. Aurretik apaiza, atzetik gurasoak eta gainerako senideak, loredun koroak eta dolu-xingoladun ikurrinak hartuta. 1995ean Joxean Lasa eta Joxi Zabalari emandako agurra filmatu zuten atzo Tolosan bertan. Egun lasaia izan zen atzokoa, hileta egunean Ertzaintzak familia eta lagunen aurka kargatu zueneko irudiak bezperan grabatu baitzituzten.

«Badakit Ertzaintzarentzat ez dela atsegina izango, baina dokumentatuta dago, horrela izan zen, eta argi neukan ez nuela faltsutu edo edulkoratuko gertatutakoa», azaldu zuen Pablo Malo donostiarrak. Bera ari da thriller hau zuzentzen, errealista bai, baina argi utzi nahi izan zuen ez dela dokumental bat. «Zinema egin nahi nuen. Familiei hasieratik esan nien ez zituztela euren semeak ezagutuko, ez keinuak, ez ibiltzeko edo hitz egiteko moduan. Fikzioa da, ez da errealitatea, hori kontatuta dago», argitu zuen Malok.

Urtarrilaren 27an Baionan hasi zuten grabaketa eta arazo dezente izan dituzte eguraldiarekin, hotza, euria eta uholdeak ere izan baitituzte. Filmazioaren konplikazioa bestelakoa da, ordea. «Oso konplikatua da, nik uste nuena baino askoz konplikatuagoa. Lokalizazio asko daude, aktore asko, euskaraz eta gaztelaniaz ari gara, asko neurtu behar da uneoro kontatzen ari garena... Nire lehen aldia da benetako gertaeretan oinarritutako zerbait filmatzen dudala eta esku-frenoarekin zaude denbora guztian», aitortu zuen zuzendariak.

Ia alde guztiekin

Pelikula prestatzerako garaian, ia alde guztiekin elkartu da Malo, «Guardia Zibilarekin izan ezik. Ez dut uste ekarpen handiegirik egingo zidatenik. Baina badut interesa jakiteko hainbeste urteren ondoren zer iritzi duten orduan pasatakoaz».

Familiaren aldetik, sentimendu kontrajarriekin topo egin duela kontatu zuen zuzendariak. Batetik, oso ondo hartu dutelako filma egitea, gertatutakoa ezagutarazten lagunduko duelako, baina bestetik, «askok ez dute pelikula ikusi nahi. Tristea eta mingarria ere bada hau dena berriro azaleratzea», esan zuen. «Elkarrizketa asko izan ditut eurekin, argazkiak ikusi ditut, gauza asko hitz egin ditugu intimitatean geldituko direnak. Emozionalki ere inplikatuz zoaz eta distantzia bat hartu nahi izan dut. Familiek pasa zena kontatzeko eskatu didate, baina nik ez dut biolentziaren pornografia egin nahi», aurreratu zuen Malok.

Hiru hamarkada pasa dira dagoeneko, eta pixkanaka honelako kontakizunei bide ematea garrantzitsua dela adierazi zuen donostiarrak. «Kontatzen ari garena gure historiaren parte da eta kontatzen jarraituko dugu irlandarrek edo ingelesek egin duten moduan. Sanoa da honetaz beste ikuspuntu batetik hitz egiten hastea ere terrorismoaren bukaerarekin, eta leihoak irekitzea, aire pixka bat sar dadin».

Jon Anza eta Christian Merchan izango dira Lasa eta Zabala, eta Iñigo Iruin abokatuan oinarrituko da Unax Ugalde protagonistaren papera, «berarekin hitz egin dugu baina ez du gidoia irakurri». Paco Etxeberria forentseak ere bere onespena eman die erabiliko dituzten hezurrekiko. «Beldurra nuen planoetan gehiegi gerturatu eta antzik ez izatearekin. Filmazioan egon da eta nahi dugun adina gerturatzeko esan digu».

Debekuak eta erreparoak

Kontatzen dena demostratuta eta epaituta egon arren, oraindik ere oztopoak jasan behar izan ditu pelikulako lan taldeak. Bi gazteak torturatu zituzten Donostiako La Cumbre jauregian, esaterako, debekatu egin diete filmatzea. «Ez nuen sekula arazorik izan filmatzerako orduan eta bat-batean konturatzen zara erakunde edo leku batzuek, sinopsia pasa aurretik ondo, baina ondoren ezetza ematen dizutela», kontatu zuen Malok. «Ez dut ulertzen Cumbrekoa. Badakigu hau han gertatu zela eta nahiko jarrera infantila iruditzen zait. Ez nuen barruan filmatu nahi, oso aldatuta dago, baina zelaian eta kanpoaldean ez du zentzurik ez uzteak. Marka komertzialekin ere izan ditugu arazoak. Honek erakusten du zein gertu daukagun oraindik gertatutakoa, ez dago distantzia hori esateko aurrera jo behar dugula».

Finantzaketa lortzerako orduan ere arazoak izan dituzte. Bi milioi euro pasatxoko aurrekontua du pelikulak. AbraProd S.L. du ekoizle eta, ETBren partaidetzaz gain, Lakuaren eta ICAAren laguntza jaso du. Baina Joxe Portela ekoizleak adierazi zuenez, «arazoak izan ditugu banketxe batzuekin, denak ez dira madrildarrak, eta hango telebisten laguntza edo partaidetza lortzeko. TVEk ez du erosi, CANAL+ kateak ere ez oraindik, aurretik ikusi nahi dute. Katalunian eta Frantzian saiatzen ari gara».

Aurpegi berriak lehenengo filmazio desatseginerako

Jon Anza eta Cristian Merchan aktoreek lehenengo film luzea dute honakoa eta ez dute lantegi erraza izango. «Asko gustatzen zait jende berriarekin lan egitea, euskaldunak nahi nituen, aurpegi berriak. Denbora dezente nabil eurekin entseatzen, bai dialogoak eta bai torturak, eta deskubrimendu bat izan da», esan zuen zuzendariak. Lasa eta Zabalaren senitartekoak Baionara bisitan joan zireneko eszenak salbu, filmazioa oso desatsegina dela esan zuen Malok, «eta bi gazteentzat, euren lehenengo aldian, egingo duguna egiten ausartzea... oso harro nago». Ezaugarri jakin batzuez gain, «burua bere lekuan izan zezatela behar nuen. Familiekin edo bestela, hainbat gauza gertatu zaizkigu eta horrek elkartu egin gaitu. Beti nahi izan dut eurak nirekin egotea, kontatzen ari garenaz busti zitezen». Protagonistez gain, aurpegi berri gehiago ere badira. Iñaki Rikarte gasteiztarra, adibidez, Migel Mari Lasa izango da, Joxeanen anaia. «Alde batetik beldurra ematen zigun, egoera oso latza izan zelako, horri errealismoa ematea ez zen erraza, baina oso kontentu gaude», aitortu zuen atzo Tolosan. Xabi Ortuzar, berriz, Joxiren anaia izango da, Joan Mari Zabala. «Nik uste garrantzitsua dela gazteentzat eta bizi ez dutenentzat horrelako proiektu bat egitea», esan zuen, eta gaineratu Malok gauza bakarra eskatu diela, «errespetua, bai familiei eta prozesuaren barruan aurkitu den pertsona guztiei». Oriol Vila, Francesc Orella, Aitor Mazo, Pep Tosar, Iban Garate edo Ricard Sales dira beste izenetako batzuk. A.A.