Kizkitza Gil de San Vicente
JO PUNTUA

Zuentzat baino, zuekin

Etorkizuna orainean hartutako erabakiek eraikitzen dutenez, orainaren norabidea da gakoa, berau gidatzeko beharrezko anbizio eta indarra izatean dago koska

GARAk leiho txiki bat eskaini dit eta irekiera honetan nigandik urrun zaudetenak agurtu nahi zaituztet. Lizentzia bat hartuz, egunerokoan eskutik helduta, beti presente zaudetela esan nahi dizuet, euskal herritar askok denbora eta distantzia beste modu batez neurtzen ditugula sentitzen dudalako.

Lizentzia txiki hau arnasaldia ere bazen, urteetako militantziak ez baitit oraindik uxatu plaza publikoarekiko erres- petua eta sentimenduetatik sentimenduetara idazteak, biluzten duen arren, epai intelektuala leuntzen du. Nahi bai, baina, ezin. Asteburu honetan gazte militante batzuekin egoteko aukera izan dut, eta horientzat, zuentzat, dira nire lehen hitzak.

Aspaldi konturatu nintzen adinean gora goazenon begirada eta jarrera batzuek zuen izate politikoa zalantzan ezar dezaketela, nahigabe bada ere. Borrokaren testigua hartzera gonbidatzen zaituztegu etorkizuna zuena delakoan, gazte indarra eta berritasun gaitasuna aldaketarako palanka direlakoan. Baina etorkizuna orainean hartutako erabakiek eraikitzen dutenez, orainaren norabidea da gakoa, berau gidatzeko beharrezko anbizio eta indarra izatean dago koska. Amaren maitasunak denboran bere garapena behar du, seme-alaba pareko gisa sentitu eta ikusi arte. Parekoak nahi zaituztet borroka prozesu honetan, elkar osatuz eta aberastuz.

Baina iraganak oraina egiten du. Euskal Herriaren eta estatuen arteko konfrontazio armatuaren fasean subjektu izan garen belaunaldi eta eragile politiko guztiek badugu beraz, zuekiko eta etorkizunarekiko erantzukizun erantsia. Konfrontazio parametro hauen ondorioak eta garaian abian jarritako errepresio estrategiak indargabetu behar dizkizuegu. Kriminalizazio eta ilegalizazio estrategiak amaitu behar dira, Euskal Herriarekiko konpromisoa adierazteagatik gazte bat gehiago ere ezin da jazarria, atxilotua, torturatua eta Madrilen epaitua izan. Politika egiteko eskubidea bermatu behar zaizue, bermatu behar zaio euskal jendarteari. Euskal Herriak ireki nahi duen ziklo politiko berrian, gure nazioak izan beharreko estatusaren, botere mailaren eta eredu sozialaren ingurukoa izan behar du konfrontazio esparru nagusiak. Hau da zor dizuegun borroka eta eztabaida esparrua.

Ezker abertzalea mugimendu eta sentimendu kolektiboa da, Euskal Herrian zabaldu beharreko ondare bizia. Ezker abertzalea, mutazioan dagoen mugimendu gisa irudikatzen dut. Euskal Herria zikloz aldatuko duen prozesua bultzatuko duena. Baina, era berean, Euskal Estaturanzko trantsizio prozesuan, hegemonia lehiatzeko prest agertu behar den ezkertiar mugimendu independentistaren eragile nagusietarikoa bilakatuko dena. Anbizio politiko honetan bat egiten dugu belaunaldi eta esparru ezberdinetako militanteok. Honek batu eta indartzen gaitu. Horregatik, zuentzat baino, zuekin aurrera.