Nerea GOTI

Erantzunkizunak eskatu ditu EH Bilduk Zabalgarbiren gehiegizko isuriengatik

EH Bilduk azalpenak eskatu ditu Zabalgarbiren jardueraren inguruan, Ekologistak Martxan-en txosten baten bidez 2012an gai kutsatzaileen gehienezko isuri tasa lau bider gainditu zuela jakin ostean. «Oso gertakari larria da. Osasunaz ari gara», salatu zuen.

Joan den astean Ekologistak Martxan-ek argitara emandako txosten baten arabera, Zabalgarbik lau aldiz gainditu zuen hainbat gai kutsatzaileren gehienezko isuri maila 2012an. Datuok Lakuako Gobernuaren Ingurumenaren Zaintzarako Programatik atera zituen talde ekologistak, eta, gertaera larria izanik, EH Bilduk azalpenak eta erantzukizunak eskatu zituen atzo, ardura duten instituzioen isiltasuna salatzeaz gain.

Koalizioaren esanetan, «halako egoera bat gertatzen denean (gehienezko isuri maila gainditzea) Zabalgarbiren jarduna etetera behartzen du araudiak, isuritako gai toxikoen mailak behera egin dezan», eta egiaztatu dutenez, «ez zuen jardunik eten muga gainditu zuen lau aldietatik hirutan». «Oso gertakari larriez ari gara hizketan. Bizkaitarron osasunaz ari gara», nabarmendu zuen Irune Soto Bilduko Bizkaiko batzarkideak.

Ekologistak Martxan-ek joan den ostegunean agertutako informazioak utzi du egoera agerian. «Datuek argi eta garbi adierazten dute Zabalgarbik ez dituela gutxienezko kontrol neurriak bete eta, beraz, arriskuan jarri du inguruko biztanleriaren osasuna», adierazi zuten. Aitziber Ibaibarriaga Bilboko Udaleko zinegotziak nabarmendu zuenez, 100.000 lagun baino gehiagoren osasuna jarri du arriskuan, bereziki 7 eta 8 distrituetan, jada kutsadura handia jasaten duten Zorrotza, San Inazio edota Deustuko eremuetan, zehazki.

Era berean, «arduragabekeria itzela» da, Bilduren ustez, «gertakari hauen berri joan den astean izanda, «oraindik Bizkaiko Foru Aldundiak hitz erdirik esan ez izana». Nabarmendu zutenez, Diputazioak azalpenak eman beharko ditu, baina hori ez da nahikoa izango.

«Oso gertakari larriak izan dira eta norbaitek hartu behar du horren ardura bere gain», adierazi zuen Sotok, eta bide horretan koalizioak emango dituen pausoak zehaztu zituen. Batzarkide taldeak Josu Madariaga Ingurumen Saileko diputatuaren urgentziazko agerraldia eskatuko du, ordezkari jeltzalea Zabalgarbiko administrazio kontseiluko presidentea ere bada eta. Azalpenez gain, erantzukizunak argitzeko exijituko diote, baita halakorik berriro gerta ez dadin neurriak hartzeko ere.

Diputazioaren ardurari dagokionez, beste kontu bat argitu nahi du Bilduk. Adierazi zuenez, Ekologistak Martxan-en lanari esker jakin da zaborrak erretzen dituen plantak eragiten dituen zepa edo eskoriak, hondakin arriskutsuak izanik eta tratamendu berezia behar badute ere, Zalla, Igorre, Lemoa eta Larrabetzuko zabortegietan lurperatzen ari direla, ingurumen legedia urratuz.

Bilboko Udalera ere eramango dute auzia, bertako hiritarrak zuzeneko kaltetuak baitira. Ibaibarriagak iragarri zuen azalpenak eskatuko dizkiotela zinegotzi arduradunari, eta «araudi urraketek biztanleen osasuna arriskuan ipini duten iker dadila» eskatuko dute, «bereziki 7 eta 8 distrituetako kasuan».

«Pertsona lehenengo» leloa

Bilduko zinegotziaren iritziz, Lakuako Gobernuak ere zeresan handia du gertakarion inguruan. «Eskura izan ditu datuok eta ez du inolako neurrik hartu», azaldu zuen eta, hori dela-eta, «hauteskunde kanpainan `pertsonak lehenengo' lelotzat» duen indar politikoaren jokabidea kritikatu zuen, «osasun berme oinarrizkoenak bete ez dituztelako».

Azken datuak ikusita, Jose Luis Bilbaoren hondakinen gaineko kudeaketa kritikatu zuen koalizioak. «Eusko Jaurlaritzak agerian uzten du Zabalgarbiren errendimendu maila baxua», eta, gaineratu zuenez, balorizazio energetikorako instalazioa baino hondakinak ezabatzekoa dela frogatuko balitz, horrek Bizkaia araudi europarra ez dela betetzen ari erakutsiko luke.

Bilduk nabarmendu zuenez, Ekologistak Martxanen txostenak Zabalgarbi plantaren bideragarritasuna oso zalantzazkoa dela ondorioztatuta, orain arteko ezohiko diru laguntza publikoak desagertzen badira Zabalgarbiren etorkizuna zein izango litzatekeen galdetu zuen.