Fredi Paia
Bertsolaria
JO PUNTUA

Ezker espirituala

Elizak ez daki Jesus noiz jaio zen, baina haren izenean bernizatu du argi edo egu berriaren jaia; San Juanekin, udako solstizioa; emakume martirizatu baten bularrekin manipulatu du lurra esnatzeko eguna.... Gure arbasoak lurrarekin lotzen zituen ohiturak oparitu dizkiogu

Hil da Jainkoa!», oihukatu zuen Nietzschek hemeretzigarren mendeko Europan. Teknologiak natura menperatu zuela aldarrikatzen zuten agintariek. Zientzia zen jainkoa esateko hitz berria. Horixe esan nahi baitu jainkoa hiltzeak, gizakiak, zientziaren bidez natura menperatu duela. Baita moral judeokristauaren hipokrisiatik askatzea ere, baina horretarako «Hil da eliza!» oihukatu beharko zukeen filosofo alemaniarrak. Eta ez dira gauza bera, inondik inora.

Gizakiak, kontrolatzen ez duenarekiko duen beldur patologikoagatik, agian, natura bere etsai modura hartu izan du historian zehar. Eta gaur egun, beste kontzientzia maila batekin bada ere, etsai beldurgarri legez ikusten jarraitzen du. Kantauriko olatu, ustekabeko uriola eta Iberdrolako fakturetan baino ez bada ere.

Teknologiaren garaipen, zientziaren gurtze eta gizakiaren omnipotentzia giro horren zumitzetan harilkatu zuten ideologia marxista, populua aberatsen interes ekonomikoen gainetik ipintzeko historiako azken proposamen esanguratsua. Bere burua «zientifiko» izendatu zuen, garaiko pentsamoldera lerratuz. Gizakien arteko harremanak logika dialektiko materialista hutsak azaltzen zituela sinesten zuen. Ideologia zen erlijio, alderdia eliza eta zientzia jainkoa.

Pentsaera industriala, eta ondorioz hiritarra, izan da historikoki ideologia ezkertiarra. Nekazariak mobilizatzea etengabeko kezka izan da autore klasikoen artean. Logika hiritarrak, natura garaitzeko naturatik urrundutako antropospherak diseinatu zuen paradisu ezkertiarra.

Baina hirietako lantegiak eskuz hornitzera joan zirenek ez zekiten euren ilobak kontrako bidean abiatuko zirela. Sekulako garapen materialeko mendea ikusi, inoizko ongizate materialik handienean bizi eta ezinegona eragiten digun materialki ezin asezko hutsune erraldoi batekin.

Ezker klasikoarentzat burgesa eta atzerakoia da materiala ez den oro. Hizkuntza baten galerak eragiten duen nahigabea ez zaio borrokarako arrazoi iruditzen dialektika materialistari. Zer esanik ez, espiritualtasunaz, gizakia lurrarekin elkartzen duen ezin adierazizko sentimenduaz. Olatuek hormaren kontra bortizki jotzean, haizeak gure oreka zalantzan ipintzen duenean, paisaia eder baten aurrean gaudenean edo itsasoko uretan sartzerakoan sentitzen duguna. Ezjakinen, burgesen edo drogazaleen kontua izan da ukitu eta ikusi ezin daitekeen oro ezker klasikoarentzat. Ondorioz, elizari oparitu dizkiogu gure arbasoak lurrarekin elkartzen zituzten ohiturak. Gizarteak bizi duen hutsune hori ulertzeko modu bat, gizakia bere ingurunearekin eta bere buruarekin komunikatzeko era osasuntsuagoa.

Elizak ez daki Jesus noiz jaio zen, baina bere izenean bernizatu du argi edo egu berriaren jaia; San Juanekin, udako solstizioa; emakume martirizatu baten bularrekin manipulatu du lurra esnatzeko eguna....

Gu ezkertiarrez gain, abertzaleak ere bagara. Eta abertzaletasuna, materiala ez den, bere irudia gure lur eta itsasoarena duen eta munduan gure lekua zein den sentiarazten digun zeozer da. Garrantzitsuegia, berniz kapa baten truke inori oparitzeko.