Maider IANTZI

Kontseiluak eskua luzatu die instituzioei osasungintza elkarlanean euskalduntzeko

Joan den abenduan onartu zuen Osakidetzak euskalduntzeko plan estrategikoa eta segituan hasiko dira lekuan lekuko planak egiten. Horiek «ausartago jokatzeko» aukera zabaltzen dutela-eta, Kontseiluan bildutako eragileek proposamen zehatzak plazaratu dituzte.

Osakidetzak hamabost urteko plan estrategikoa martxan jarri berri du euskalduntzeko, eta Kontseiluaren baitan biltzen den hainbat eragilek bide hori eskuz esku egitea proposatu dio. «Plana luzea da eta iruditzen zaigu ahalik eta lasterren hasi behar dugula elkarrekin lan egiten», adierazi zuen Paul Bilbaok atzo Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Kontseiluko idazkari nagusiak ondoan izan zituen Behatokiko Garbiñe Petriati, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeko Karlos Ibarguren, UEMAko Maren Belastegi, Euskaltzaleen Topaguneko Mikel Ozaita eta Euskal Herrian Euskaraz-eko Xabat Laborde.

Eragileok instituzioak eta euskalgintza batera aritzeko guneak sortzea planteatu zuten. Oraingoz, bilera bat egin dute osasungintzako arduradun nagusiekin. Proposamen oso bat aurkeztu diete eta arduradunek «elementu interesgarriak ikusi» dituzte. Bilbaoren arabera, ordea, horiek ez dute oraindik benetako islarik izan.

Xede, neurri eta epe zehatzak

Lakuako Osasun Sailari aurkeztutako proposamenetik abiatuta, epe laburrean hasiko diren tokian tokiko planetan aplikatzeko elementu batzuk agertu zituzten atzo Kontseiluko eragileek. Hasteko, oroitarazi zuten ezinbertzekoa dela xede eta neurri zehatzak eta horiek gauzatzeko epe zehatzak finkatzea.

15 edo 20 urteko epean langile eta zerbitzu guztiak euskaldunak izatea helburu izanik, kontratazio politika gaurdanik aldatu behar dela azaldu zuten. Erran zutenez, urte batzuetan lan deialdietan euskarak meritu gisa duen balioak handitzen joan beharko du eta ordezkapenak egiteko kontratatzen diren pertsonek euskaldunak izan beharko dute.

Jadanik lanean ari diren lagunei dagokienez, euren euskara gaitasuna zein den jakitea ezinbertzekotzat jotzen dute, eta lagungarri ikusten dute Osakidetzaren sistema informatikoan euskaldunak identifikatzea.

Gutxienez B2 mailako euskarazko gaitasuna abiapuntu izanda (EGAren azpikoa da maila hau eta bertara iristen diren lagunak gai dira nahiko erraz komunikatzeko), planaren amaierarako derrigortasun datak %100era eramateko bidea egin behar dela adierazi zuten.

Bitartean, nabarmendu zutenez, bezero euskaldunei beren hizkuntzan eman behar zaie zerbitzua gaurtik, eta horretarako, egokia iruditzen zaie Osakidetzak proposatzen dituen zirkuituak baliatzea, hau da, euskaraz egin nahi dutenei langile euskaldunen berrantolaketa batekin eskubidea bermatzea.