Bidea elkarrekin egiteko ordua dela esan du Sortuk, EAJri gonbita eginez

Urtebete igaro da Sortu eratu eta lanean hasi zenetik. Horren balorazioa egiteaz gain, Hasier Arraiz alderdiko presidentea erronkez ere mintzatu zen atzo, berehalakoena gatazkaren konponketarako egin behar diren urratsak direla iritzita. Ibilbideak, ordea, «partekatua» izan behar duela aipatu zuen, EAJri dei zuzena eginez. Gakoa «besaulkitik altxa» eta klase politikoak egin behar dituen ekarpenetan datza, «gizarteak eskatzen duenaren neurrian» egoteko.

Bete du Sortuk bere lehenengo urtemuga, iazko otsailaren 23an Iruñean egindako kongresuan alderdia formalki osatu ostean. Denbora tarte horretan egin dituen ekarpen eta lanekin «harro» daude bere ordezkariak, besteak beste, «konponbide prozesuari ezarritako blokeoaren aurrean aurrera egiten jarraitzeko bidea» aurkitu duelako. Ildo horretan mintzatu zen atzo Hasier Arraiz, Sortuko presidentea, Oiartzunen egin zuten urteurren ekitaldian. Bidelagun izan zituen atzo, adibidez, Pernando Barrena, Maite Ubiria, Maribi Ugarteburu, Rufi Etxeberria eta Joseba Permach; entzule gisa, bestalde, Elorsoro kiroldegira gerturatu ziren 500 pertsona baino gehiago.

Indar abertzaleen metaketaz ere aritu zen Arraiz; Hego Euskal Herrian lortutakoez harago, Ipar Euskal Herrian «herriz herri, EH Bai koalizioa lapurtar, baxenabartar eta zuberotar abertzaleen bilgunea» izan dadin egiten ari diren lanak ere aipatu baitzituen.

Sortuk, ostera, gehiago nahi du, zentzu onean. «Ez gaude pozik, oraindik ez garelako izan nahiko genukeena», adierazi zuen alderdiko presidenteak, aurrerantzean betetzeko dituzten erronka nagusiak zehaztuz.

Hitzetatik ekintzetara

Esanguratsuena, edo berehalakoena, gatazka politikoaren konponketarako egin beharreko urratsak dira, hots, elkarrekin ematekoak.

Bereziki azken egunetan gertatutakoak aipatu ziren ekitaldian: Nazioarteko Egiaztatzaile Batzordearen agerraldia, eta horren ondotik Auzitegi Nazionalean deklaratzeko igorri zaien agindua. «Lotsagarria da nazioarteko eragileak bertakoak baino gehiago inplikatzea», esan zuen. Halaber, ETAk ostiralean emandako pausuagatik Bill Clinton AEBetako presidente ohiak sare sozial bidez igorri zuen zorion mezua aipatu zuen.

Horren guztiaren aurrean, Estatuen «itxikeria eta itsukeria» agerian gelditu dela esan zuen atsekabez. «Inkisiziotik Auzitegi Nazionalera -jarraitu zuen-, Espainia markaren bilakaera eskasa izan da. Zapaltzen gaituen estatuak lotsa ere ematen digu». Gauzak horrela, «EAJri eta Euskal Herriko klase politikoari» dei egin zien ikusle jarrera uzteko, «besaulkitik altxatzeko».

Hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da, beraz, baina ez nolanahi, modu bateratuan baizik. Elkarrekin ibiltzeko garaia dela iritzita, urtarrilaren 11n Bilbon osatutako argazkia jarri zuen adibidetzat Arraizek. «Denak batera eta martxan», erantsi zuen. «Kontua ez da ETAk egindako ekimenari edo EPPK-k egindako adierazpenari txalo gehiago ala gutxiago egitea, baizik eta Euskal Herriko klase politikoa urratsak egiten hastea. Gure gizarteak eskatzen digunaren neurrian egotea», ondorioztatu zuen.

Martxoaren 3a, langileriaren duintasunaren eguna

Arlo ekonomikoari dagokionez, bestalde, datorren martxoaren 3an Bilbon egingo den jardunaldia kritikatu zuen Hasier Arraizek. ICEX esportazio eta inportazio institutu espainolak antolatuta, Marino Rajoyk bertan parte hartuko du, baita nazioarteko erakundeetako zenbait ordezkarik ere, horien artean Christine Lagarde Nazioarteko Diru Funtseko zuzendariak.

Iñigo Urkullu lehendakariaren «eskutik» etorriko direla ohartarazita, gogorarazi zuen Euskal Herrian, eta bereziki Gasteizen, langileriaren duintasunaren eguna dela martxoaren 3a. «Neoliberalismo basatiaren aurrean» Sortuk beste eredu bat nahi duela berretsi zuen, justizia soziala egitate bat izan dadin. O. L.