GARA

Gasteizko Gazte Blokeak bost puntutan laburbildu ditu bere aldarrikapenak

Bost puntutako aldarrikapen zerrenda aurkeztu zuen atzo Gasteizko Gazte Blokeak, martxoaren 3ari begirako aldarrikapen tresna gisa. Modu horretan, pairatzen dituzten zapalkuntzak identifikatu eta horiei aurre egiteko erabiliko dute aldarrikapen zerrenda.

«Bost izan ziren 1976ko martxoaren 3 hartan hildakoak, bost dira izar gorriaren puntak eta bost ukabilaren hatzak». Horregatik, eta ezaugarri horiek kontuan hartuta, bost puntuz osatutako aldarrikapen zerrenda aurkeztu zuen atzo Gasteizko Gazte Blokeak, martxoaren 3ari begira borrokarako tresna gisa.

Gazteak euren buruen jabe izatean datza lehenengo puntua, hau da, euren bizitzaren eta gorputzaren gaineko erabakiak eurek hartzean. Bigarrenez, borrokatzeko eskubidea aldarrikatzen dute, eta horretarako, eskubide zibil eta politikoak eskatzen dituzte. Herritik eta herriarentzat zuzendua izango den hezkuntza sistema ere beharrezkotzat jotzen dute, baita bizi baldintza duinak -etxebizitza eta lan duina- izatea ere. Ingurumenarekiko «errespetua» eta «defentsa» ere aldarrikatzen dituzte. Oinarri horien gainean irtengo dira kalera Gasteizko gazteak datorren astelehenean -martxoak 3-.

Atzo aurkeztutako tresna honekin, pairatzen dituzten zapalkuntzak identifikatu eta horiei aurre egiteko parada izango dutela uste dute, beraz, aldarrikapen horiekin guztiekin bat egiten duten gazte guztiei euren borrokarekin bat egiteko deia luzatu zieten.

«Ez ditugu ahazten»

Gauzak horrela, martxoaren 3rako egin duten planteamenduaren berri eman zuten. Hala, 09.45ean Bilboko Gazte Blokeak eginiko deialdiarekin bat egingo dutela adierazi zuten -Bilbon izango den goi bilera ekonomikoa salatzeko deitua-. «Gure miseriaren sortzaileak ez dira ongi etorriak gure herrian, aurrez aurre izango gaituzue», adierazi zuten gazteek.

Arratsaldean berriz, 18.30ean Hala Bedi tabernatik martxoaren 3aren harira deitutako manifestazioarekin bat egingo dute. «Ez ditugu 76an hildako bost langileak ahazten, ezta egun Bilbora joango diren esplotatzaileek hiltzen dituztenak ere», azpimarratu zuten. Ildo horretan, omenaldirik hoberena «borrokan» jarraitzea dela gaineratu zuten, eta aurreko urteetan egin legez, martxoaren 3an Gasteizko kaleak aldarrikapenez beteko dituztela aurreratu zuten.

Bestalde, datorren larunbata martxoaren 8a dela-eta -Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna- emakumearen gorputzaren gaineko erabakiak emakumearenak bereak soilik direla azpimarratu zuten eta hori aldarrikatuko dutela esan zuten.