Ane ARRUTI DONOSTIA

Harreman gaiztotua duten bi anaia legez kanpoko arazoetan

Iñaki Irasizabal durangarrak ondo konpontzen ez diren bi anaien artekoak kontatu ditu «Odolaren deia» (Elkar) nobela beltzean. Leialtasunaz eta familia harremanez mintzo da, fokua gaizkileen aldean jarrita. Erdian akzioa, heriotza, lapurretak, tiroak...

«Laburra, beltza eta azkarra» da Iñaki Irasizabal durangarraren esanetan bere azken nobela. «Odolaren deia» (Elkar) nobela poliziakoak nerabezaroan gaiztotu zen eta urte askotan elkarren berririk gabe egon ondoren heriotza batek elkartuko dituen berrogei urte inguruko anaia biren arteko harremana du oinarri. «Heriotza bat gertatzen da, eta hor hasten dute sekula izan ez duten harremana».

Akzioa, heriotza, lapurretak, tiroak... Irasizabalen nobeletan ohikoak diren elementuak ditu honek ere, betiere sinesgarritasunari eutsiz. «Paperean bat garbitzea edo bost garbitzea antzeko lana da, baina ez dut uste hemen bost hiltze sartzea sinesgarria denik. Hiltzaileek ez dute hemen glamour pixkarik ere, kutre samarrak dira».

Anaia bakoitzak hartutako bideak nahiko ezberdinak dira: «Anaietako bat nahiko txolina da, nahiko txoriburua; bestea, berriz, enpresaria da eta suposatzen zaio seriotasun handiagoa. Anaia serioak txolinaren laguntza behar du eta hor hasten da trama, hori izango litzateke abiapuntua», azaldu zuen idazleak. Bakoitzak bere familia dauka. «Batena nahiko konbentzionala da; semea, alaba eta emaztea ditu. Beste anaiak, berriz, ohikoa ez den familia dauka: neska-laguna eta haren umea».

Eta hor kokatzen du Irasizabalek nobelaren muina. Leialtasuna, odolak ze pisu daukan leialtasun eta lehentasunetan... Jatorriak eta umezaroak uste baino pisu handiagoa du bi anaien izaeran; «nahiz eta oso ezberdinak izan eta oso bizitza ezberdina eraman, paralelismo nabarmena dago. Biek dauzkate antzeko akatsak, eta alde onak ere antzekoak dira bietan. Jatorri bera izanda, nik uste ezin dutela oso ezberdinak izan».

Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editorearen esanetan, «garrantzia hartzen du familiak oro har; amarekiko harremana, bikotekideekikoa, odolezko seme-alabekikoa, bikotekidearen seme-alabekikoa... garrantzitsuak dira. Dena dela, inoiz ez du tratatu bat egiten; pasarte laburrak dira eta bakoitzean zerbait gertatzen da, baina ez dago narratzailearen hausnarketa luzerik. Pintzelkadaz pintzelkada osatzen du oihal bat».

Bizkaian kokatu du istorioa idazleak. Anaietako bat Bilboko Zazpikaleetan bizi da eta bestea Sopelan; Gamiz eta Fika artean jaiotakoak dira, ordea, eta enpresariak Mungian du lantegia.