Jon Garmendia
Idazlea

Eta abar

Makina bat balitz ez litzateke bertsolari deituko, nahiz eta makina bat bertsolarik makina askoren perfekzioa erakusten duten hitzak eta doinua elkarri josterako orduan. Non sentimenduak iritzi bilakatzen diren, non ideiak sentiberatasun diren. Eta Amets Arzallus makina bat da, eta Jon Maia beste makina bat. Eta bat eta bat ez dira beti bi, ez behintzat haien bien kasuan, bakoitza bakarra delako, originala, bere izaera eta kantaeran.

Bi jeinu, bi artista, bi lagun, Jon bat, eta Amets beste bat. Eta enbatak kolpatu ditu biak, eta erauntsia jausi zaie gainera, eta abar. Doneztebeko Ekaitza tabernaren aferak sortutako ekaitzak zurrunbiloaren erdian kokatu baititu biak.

Pasatuko da tenpesta, eman behar zaio denbora, isilduko da orkestra, ez jaurti gezirik nahinora, ez baitabiltza galdezka, ilbehera eta ilgora, negu eternorik ez da, primadera loratuko da. Eta kazetaria balitz ez litzateke bertsolari deituko, eta gorrotoa edo mendekua balitz ez litzateke bertsolari izango, eta deituko baliote sufritzen ari denari babes emanda sufrimendu gehiago eragiteko, ez liokete bertsolari deituko, eta abar.

Amets umila da, eta sentibera, eta zintzoa, eta bihotz onekoa, eta eskuzabala, eta despistatua ere bada, eta Euskal Herriko bertsolari txapelduna, eta polemikarik piztea maite ez duena, eta sentitzen duena dakien manera onenean adierazten saiatzen dena, eta abar. Eta Jon Maia gozoa da, eta ulerkorra, eta sortzailea, eta langilea, eta xumea, eta bihurria ere bada, eta euskal herrietako alaitasunaren txapelduna, eta polemikarik piztea maite ez duena, eta sentitzen duena dakien manera onenean adierazten saiatzen dena, eta abar. Egurtu egin dituzte, eta neurrigabe hitz egin da, eta piztu behar ez zen tokian piztu da sua, eta babes eta goxotasuna helarazi nahi diet, eta maite ditut, bertsolariak direlako. Eta abar.