GARA

PSkoek bat egin dute Euskal Kosta Aturri hirigunean

Martxoaren 23an eta 30ean izanen diren udal hauteskundeei begira Euskal Kosta Aturri hirigunean aurkeztu diren PSko hiru hautagaiek hamar puntuko manifestu bat sinatu dute. Baionako Henri Etcheto, Angeluko Jean Espilondo eta Biarritzeko Guy Lafitek hirigune elkargoaren baitan lankidetza sustatzeko proposamenak egin dituzte. Enplegua, etxebizitza, garraioa, ingurumena eta elkarlana dira proposamenon ardatzak.

Hirigunea 1972an sortu zen, ekarpen aitzindaria eginez. Alta, azken urteetan atzera egin duela uste dute hiru hautagaiek, eta, hori dela eta, berritu eta berreraiki egin behar dela aldarrikatu dute. Bide horretan hamar engaiamendu hartu dituzte PSkoek.

Ekonomiari dagokionez lanpostuak sortu, hamar urtean 65 hektarea egokitu eta enpresen sorrera bultzatzea dute xede. Sei urteko epean 4.500 etxebizitza sozial sortzea eta auto-ilarekin bukatzeko plan bat egitea ere aurreikusi dute. Ingurumenaren arloan itsasoko uraren kalitatea zaindu eta hondakinen tratamendua garatzea defendatu dute. Bukatzeko elkarlana aipatu dute, bide horretan hainbat zerbitzu hirigunera eramanez eta inguruko elkargoekin harremana sustatuz.

Komunistak, zatituta

Bestalde, Angeluko Alderdi Komunistako hainbat kidek beraien alderdiko zerrendaren kontra aurkeztea deliberatu dute, NPArekin bat eginez. Hori dela eta, komunistek alderdikide horiek zigortzea erabaki dute.