IKUSMIRA
IKUSMIRA

Euskal herritartasuna, ofizialki ere aitortu behar

Duela hilabeteko batzarrean erabakitakoa betez, Udalbiltzak parte hartze prozesu bat izan du indarrean azken asteotan. Dagoeneko 200 alkate eta zinegotziren ekarpenak bilduta, atzo «Euskal Herritarrak gara» ebazpena plazaratu zuen, Euskal Herriaren eta euskal herritartasunaren aitortza bultzatzeko konpromisoa hartuz. Euskal Herrian euskal herritarra izatea nabarmenkeria dirudien arren, oraindik aitorpen ofizialik ez izatea eraso ugariren iturburu da. Izan ere, aitorpen ofizial ezak hainbat inposizio ahalbidetzen ditu, esaterako, sinbologiaren arloan. Horregatik, datozen hilabeteetan egingo diren ekimenen abiapuntua den ebazpenak, besteak beste, euskal sinboloen aldeko herri dinamika abiatuko du. Eta sinbologiatik harago, Interneteko «.eus» domeinuaren erabilera sustatu eta ofizialki euskal herritartasuna aitortuko duen dokumentu bat sortuko du. Ez da keinu hutsala, beste instituzio batzuen aitorpenik ezean, Euskal Herriko hainbat udalerriren ordezkaritzak -herritarrek hurbilen dituzten ordezkariek, alegia- badu-eta euskal herritartasunari aitorpen ofiziala emateko zilegitasuna. Eta herri ekimenak sostengatzeko eginbeharra. Guztiz koherentea da, beraz, Udalbiltzak Etxarri Aranatzen independentziaren gainean egingo den galdeketari edo Gure Esku Dago ekimenak Durango eta Iruñea batzeko antolatu duen giza kateari erakutsitako sostengua.