Kizkitza Gil de San Vicente
JO PUNTUA

Planak

Akordio eta inplikazio sozialaren bidez garatu beharreko eta herria kontsultatzea eskatzen duen demokratizaziorako prozesua ezker abertzalearen auzi gisa agertu nahi dute

Itxaso Atutxak EH Bilduri soilik «bere» presoez arduratzea leporatu dio. Urkulluk, ETAren eta EPPKren azken ekimenek, ez nahikoak eta antzezpen hutsak izateaz gain, helburu elektoralak dituztela dio, eta BBBko lehendakariak, ezker abertzaleak duen plan bakarra gatazkaren ondorioen konponbidean kokatzen dela.

Adierazpen hauek izan duten erantzunak osatzeko asmoz, Itxaso Atutxari ohar bat egin nahi diot. Preso eta iheslarien egoeraren konponbidearekin baino, ezker abertzalea demokrazia eta bakea ekarriko duen konponbide oso batekin konprometitua dago. Aspalditik gainera. Ezker abertzaleari egozten dion planak balio taktiko eta estrategikoa du. Trantsizio demokratiko batek euskal jendartearen biziberritzea bultzatuko duelako. Era berean, Euskal Herriaren aitortza eta erabakitze eskubideak independentzia eta sozialismoa gauzatzeko burujabetza esparru berria sortuko duelako. Plan oso eta demokratiko honen aurrean alderdi eta botere interesek ezaugarritzen dituzten planen erabakiak daude. Adibide argigarri batzuk: PNVk Kontzertu Ekonomikoa berritzeko Espainiako Gobernuarekin egin akordioa, Estatutua berritzeko ponentzia egungo legedira mugatzeko PNV-PSE akordioa, eta, azkenik, Euskal Herriaren finantza boterea saldu izana Kutxabanken pribatizazioaren bidez.

Adierazpen hauekin konponbide prozesua gatazka armatuaren ondorioetara mugatu nahi dute, eta Aieteko Adierazpenak ireki zuen konponbiderako logika alboratu. Hau da, akordio eta inplikazio sozialaren bidez garatu beharreko eta herria kontsultatzea eskatzen duen demokratizaziorako prozesua ezker abertzalearen auzi gisa agertu nahi dute. Urkulluren adierazpenek desitxuratze honetan sakontzen dute. Armategia zigilatzeko konpromisoa hartu ondoren aldebakarreko eta baldintzarik gabeko armagabetzea eta disoluzioa behar da. Estrategia politiko berriarekiko konpromisotik damura eta iraganaren irakurketa autokritikora igaro behar da. Honekin guztiarekin, ezker abertzalea baldintzatu eta jendartean antsietatea sortzea bilatzen da. Lehendakari jauna, egoerak beste erantzukizun maila bat eskatzen du.

Atutxak ezker abertzalearen plana deitzen duena ulertzeko Alternatiba Demokratikotik hona egindako bidea eta ETAk blokeo politikoa gainditzeko egindako aldebakarreko urratsak hartu behar dira kontuan. Alternatiba Demokratikoarekin ezker abertzaleak bere eskaintza taktikoa berritu zuen, konponbide prozesuan protagonista nagusiak Euskal Herria, euskal eragileen arteko akordioa eta euskal herritarron hitza eta erabakia direla azpimarratuz. Xede honekiko koherentziaz, urte batzuk geroago, Batasunak Orain Herria Orain Bakea proposamenean, ETA eta estatuen arteko negoziazioa gatazka armatuaren ondorioen inguruan kokatu behar dela nabarmendu zuen. Ezker abertzaleak, estatuen itxikeriaren aurrean, aldebakartasunean oinarritutako prozesua abiatu duenean, Euskal Herriak, testuinguru politiko eta ekonomiko honetan, aitortza eta demokrazian oinarritutako agertokia erdiestea ezinbestekoa duela sinetsita egin du. Ezker abertzalea koherentea da bere erabakiekin eta urrats ausartak eman ditu norabide honetan, Atutxa eta Urkulluk, pulpitutik eta ikusle moduan, arinki baloratzen dituzten urratsak.