Lander Garro
Idazlea
AZKEN PUNTUA

Hipsterrak

Bereziki deigarria egiten zait oso modan jarri den hipster «bizar-betaurreko-koadrodun-alkandoraz-jantzitakoen» tribua. Tribuak betitik zentzugabeak eta funsgabeak iruditu bazaizkit, are aldrebesagoa egiten zait talde hau, taldearen oinarrian ez dagoelako edozer, ez bada singulartasun erabatekoa. Ea azaltzeko gai naizen. Hipsterra izaki friki bakartia zen hasieran, melomano sutsua eta gizartearen korronteen kontrakoa, eta, nahi bada, zertxobait intelektuala eta jasoa. Umorerantz eramanez, esan dezakegu hipsterra dela eskolan bakarrik dabilen komikijale arraroa, lagunik edo bikotekiderik ez duena. Misantropiak erasandako izaki zatar eta herabeak ez ditu orduko joera estetikoak ezagutzen, eta ez ditu ezagutu nahi, horregatik daramatza aitonaren alkandora eta amonaren galtzerdiak. Ez zaiolako bere itxura axola. Hain zuzen, hipsterraren mugimendua anti-mugimendutik dator, nolabait, anti-modatik. Eta horrexegatik iruditzen zait modak mugida hori monopolizatu izana benetan penagarria. Honen guztiaren errudun, noski, indie mugimenduaren aparraldia izan da. Gauza jakina da industriak bulimia sendagaitza daukala. Jan egin behar du handik ez bada hemendik. Eta toki guztietan sartu izan du eskua, baina hura erretzeko arriskuak hartuz ere. Gogoratu Green Dayren arrakasta, eta punk mugidak MTVn izan zuen segida paradoxikoa. Baina hipsterrena orain artekotik ezberdina da, hipsterraren naturan, zerbait badago, bakardadea eta ezkuturako joera, bai eta, are, masarekiko arbuioa. Imajinatzen dut une honetan hipsterrentzat bizitza zein zaila den. Lehen, beren bakartasun horretan, behintzat, elkar ezagutzen zuten, eta komikiak trukatu zitzaketen (eta besteekiko gorrotoa). Orain pastazko betaurrekoz jantzitako morroi bat ikusten dute, eta ez dakite artista plastikoa ote den, Kutxabankeko langilea edota Real Madrileko futbolaria.