Pello Zabala
Eguraldian aditua
AZKEN PUNTUA

Hozkailuan matxura?

Neguaz jardun nintzen aurrekoan. Ez genuela negu guztiz normala izan: ez beroegia, noski. Ezta hotzegia ere. Baina bai falta izan zela hotza: izotzik apenas.

Aste honen hasieran hor etorri da klima aldaketaren zantzuez ardurarazi nahi gaituen mezua: IPCC erakundearena. «Baina, horiek zer zekitek?», entzuten nuen inguruan.

Hizki horien baitan biltzen dena gauza seriosa dela esan behar da bertatik. 1988an abiatu zen; 26 urteko esperientzia dute. Munduko Meteorologia Erakundeak eta NBEko Ingurumen Adituek eta beste hainbat jakintsuk elkarlanean, halaxe abiatu zuten IPCC hizkien pean klima aldaketaren zantzuak aztertzeko lanean.

Klima aldaketaren zantzuei erreparatzea dute xede, ahalik eta zehazkien jaso ditzagun arriskutsu gerta dakizkigukeen abisu guztiak. Aldian-aldian, han-hemen azaldu eta baloratu diren datu guztiak bildu, zehazki aztertu, eta datozkeen ondorioak, berandu baino lehen, adierazi NBEren barruan.

Hiru taldetan dagite tope-topean:

Lehen lantaldea klimaren alde zientifikoaz eta klima aldaketa aztertzeaz arduratzen da.

Bigarren lantaldea, klima aldaketak sor ditzakeen ondorioak aztertzen saiatzen da: sistema sozio-ekonomiko eta natura arlokoetan sor ditzakeen koskak aztertu, ondorio negatiboak aurreikusi eta nola konpondu ahalko liratekeen estudiatu.

Hirugarren lantaldea, negutegi efektuan eragin dezaketen kutsadura dagiten gasak nola gutxitu eta eragina zenbatean murriztu eta zaindu; horretan ahalegintzen da.

Laugarrena talde berezia da: gasen isurketa guztiak aztertzea da bere lana nazio guztien kutsadura neurrien barruan nola mantendu aztertzea da.

Orain 7 urte, 2007an, eman zuten adierazpen sakon eta zehatza. Nazioartean hautsak harrotu zituen orduan. Oraintxe astebete, azkenaldian landutakoak nondik nora adieraziko prestatzen ibili dira. Bada galgatu den informazio konturik ere, gobernu batzuek hartara eraginda, baina asteon gure egunkarietan azaldu denak ematen du zer pentsatu, zer aztertu eta zertan gabiltzan; nondik jo beharko ote dugun, zenbateko neurrietara makurtu beharko... alegia, abisua emanda dagoela eta, glaziarrak horrenbeste urtu eta desagertu direnean, gure hozkailuak ez duela behar bezala funtzionatzen, matxuraren bat badugula, alegia...