Arantxa MANTEROLA

EHKOlektiboak agroekologia lantzeko erronkari ekiteko deialdia zabaldu du

Urteak igaro dira proiektua gogoetatzen eta pixkanaka gauzatzen hasi zirenetik. Atzo, Lekornen, EHKOlektiboa ofizialki eta juridikoki egituratu dela jakinarazi zuten. Euskal Herrian agroekologia bultzatzea dute xede, «laborantza bioekologikotik harago doan eredua», alegia.

EHKOlektiboa Euskal Herrian agroekologia bultzatu nahi duten laborari eta herritarrei zuzendu zitzaien atzo, Lekorneko Garro eremuan, egoitza nagusia izango duen leku berean, hain zuzen ere. «Muga administratiboen gainetik, gure nekazaritza proiektuarekin bat egitera deitzen ditugu baserritarrak eta baita herritarrak, kontsumitzaileak eta erakundeak ere», esan zuten.

Nekazaritza eredu bioekologikotik harago doan eredua sustatzen du elkarteak, agroekologiaren irizpideetan oinarritutakoa, alegia. Ekoizteko moduez edo teknikez gain, irizpide ekologikoak, sozioekonomikoak, soziopolitikoak eta kulturalak ere kontuan hartzen dituen kontzeptu zabala da agroekologia.

Hala, besteren artean, bertako ekoizpenak bertan kontsumitzea, bide laburreko banaketa sustatzea, harreman zuzena izatea, baldintza sozial duinak bultzatzea, giza neurriko baserriak, eta laborariak ekoizpenean, eraldaketan eta salmentan erabakiak hartzeko gaitasuna izatea dira EHKOlektiboak eraiki nahi duen laborantza ereduaren oinarri nagusiak.

Identifikatzailea

Egitasmora batutako laborariek, edo, hobe esanda, etxaldeek identifikatzaile bat izango dute, onarpen batzordeak emana, aipatutako irizpideak betetzen dituela egiaztatu ostean. Batzorde hori izango da ere, hartutako engaiamenduen jarraipena egingo duena. Argi utzi zuten, haatik, identifikatzaile hori ez dela kalitate marka edo label bat izango, tresna bat baizik, baserriak Europako ekoizpen ekologikoaren araudiaz gain, beste batzuk ere errespetatzen dituela ziurtatuko duena.

Arau horien artean daude, esate baterako, lurraldetasuna, bertakotasuna eta gertutasuna mantentzea, beste laborariekin elkarlana sustatzea edota herritarrekin harremanak izatea. Hitz bitan, «sistema bioindustrialaren aitzinean» desberdintzeko, «bertako ekoizpena-bertako kontsumoa» eta «herritar-laborari» binomioak errespetatzen dituela bermatuko du identifikatzaileak.

Laborantza esparruan zuzenean dihardutenez gain, agroekologia «kolektiboki» eraiki behar den proiektua dela nabarmendu zuten. Horrenbestez, «erronka handi» horri eustera dei egin zieten ekoizleei eta herritarrei. Informazio gehiagorako, www.ehkolektiboa.wordpress.com webgunera jo.