Arantza Santesteban
Historialaria
JO PUNTUA

Bakardadeaz bi hitz eta ehun urte

Hemen ere, bakardadeak kapitalismo hitza du. Horretan aurkitzen dugu askotan gerora patologietara eramaten gaituzten egoeren arrazoia

Psikologoen kontsultak arakatuko bagenitu bakarrik sentitzen den pertsona bat baino gehiago aurkituko genuke, nonbait. Bakardadea, berez, patologizatua dagoen gaitza da gaur egun. Hartara, jendeak ordaindu egiten du, uneoro eta kantitate handietan, horren bakarrik senti ez dadin. Halaxe, konpainia, gaur egun eros daitekeen dosi bat da. Emozioak kontsumitzen ditugun moduan, negatiboki kontsideratuak daudenak ekiditeko ordaindu egiten dugu. Drogak, bideo jokoak, bidaiak, tratamenduak, gorputzak... bakarrik sentituta ere eros ahalmena duen klase sozialekoa bazara, mota askotariko lagungarriak eros ditzakezu.

Gauzak horrela, izenburu horretaz oroitu naiz Gabriel Garcia Marquez hil den honetan. Cien años de soledad -erdararen tragikotasun guztiarekin oroitzen baitut liburua- eta ezin ekidin bakardadearen pisu hori guztia nire gainean sentitzea. Izan zitezkeen mila urte ere, baina ehun urteko bakardadea imajinatzeak tristuraren amildegira bideratzen zaitu, ia nahigabean. Zendu osteko bilduma nekrologikoetan ikusi dudanarengatik,Garcia Marquezek gorroto omen zuen aipatu nobela. «Odio `Cien años de soledad'», esan omen zuen. Nonbait, idatzi aurretik bazeukan anonimatuaz gozatzeko aukera, bakarrik joan zitekeen Kolonbiako hiriren bateko kafe batera eta hantxe, egonean egon, lasai jardun. Gizona bere bakardadean. Ondoren, liburu horrek emandako ospearen ondorioz, ezin izango zuen gehiagotan halakoez gozatu.

Nik liburua irakurri ondoren, askotan oroitzen dut Macondo. Errealismo magikoak asmatu zuen ezinezko herri hura. Oroitzen ditut bertako adobezko etxolak eta jela lehendabiziko aldiz ikusten zutenen zirrara. Buendiatarren zori gaiztoa eta fusilamendu pelotoiaren aurreko azken arnasa. Oroitzen ditut iraganeko ahotsak, antzinako loreen marmarrak eta nostalgia nekaezinen aurreko hasperenak.

Macondo bakardadean hazitako leku bat zelako. Isolatua, inguruan zuenarekin deskonektatua. Halaxe irudikatu nahi izan zuen Kolonbiako, eta oro har, Latinoamerikako zapalduen historia. Zapalduen historiak isolamenduarekin lotura handiegia duelako batzuetan. Gehiegitan.

Hemen ere, bakardadeak kapitalismo hitza du. Horretan aurkitzen dugu askotan gerora patologietara eramaten gaituzten egoeren arrazoia. Esaterako, zer den hilabete amaierara iritsi ezin izatea. Zer den langabezian dauden gazteen ehuneko erdi horrek egunero curriculumak banatzeko egin behar duen ibilbide etsigarria. Zer den patera batean, gauaren erdian itsaso zabal eta beldurgarri bat zeharkatzea. Bakardadean dastatzen diren egoerak. Gehiegitan.

Edota zer den ziega bat. Macondo izan liteke ziega bat. Izan liteke isolamendu modulu bateko ziega baztertu bat. Bertan bakardadea zer den ikasteko klase partikularrak jasotzen dituzte zapalduek. Eta jadanik isolatua bizi dena zigor bereziekin bakardadera kondenatu. Inork ez luke mereziko aukeratzen ez duen bakardadearen kondena. Zapalkuntzaren aurrean beraz, elkarrekin egindako bideak dira antidotorik onenak.