Gotzon Elizburu
Kazetaria
JO PUNTUA

Bruselako ateak

Europako Parlamentua ate mordoa ireki ditzakeen lehen ate gisa ikusi behar dugu. Batetik, parlamentuan bertan gauza zehatzetan akordioak lor daitezkeelako. Eta bestetik, parlamentutik kanpo ere Europa mailako sareak eta aliantzak existitzen direlako, bestelako Europa bat amesten dutenak

Urrun dago Brusela. Eta gazteok orokorrean ez dugu interesik M-25eko hauteskundeetan. Argi baieztatu genuen hori EH Bilduk Josu Juaristirekin Ibaetako campusean egin zuen ekitaldian. Are gutxiago klase politikoa eta instituzio demokratiko deituak zalan- tzan dauden uneotan. Hargatik, guztiz normala da ezker abertzaleak hauteskundeotara aurkezteko hartu duen erabakia ezin izatea ulertu edo ez konpartitzea.

Urrun daude Europako instituzioak. Are gehiago inposizioaren eta merkatuen diktaduraren sinbolo bilakatu direnean. Eta galdera errepikakorra da: zertarako goaz horra, kapitalismo neoliberalaren magalera? Hauteskunde hauetara Europar Batasunaren ereduaren berehalako aldaketa bat egiteko goazela esango bagenu, gezurretan aritzeaz gain, geure burua engainatzen ariko ginateke. Badira ordea, bertara joateko bestelako arrazoiak.

Batetik, hauteskunde ziklo oso baten hasiera dela ezin dugu ahaztu. Egia da Europaren irudia kaskarra dela oso, baina duela bost urte baino ezagutza handiagoa dugu instituzio hauetaz krisia dela-eta. Eta gazteria ere kontziente da egun Europar Bata- sunean hartzen diren erabakiek gure eguneroko bizitzan duten eraginaz. Ezkerreko zenbait alderdi honetaz jabetu dira eta gazteriaren botoa eskuratzeko kanpainari ekin diote. Ikusiko dugu ze emaitza ateratzen dituzten, baina gazte askorengan hurrengo hauteskundeetarako boto joera marka dezake, eta dakigunez, boto gaztearentzat erreferenterik izan bada azken hauteskundeetan, hori EH Bildu da.

Errealitate gordina da hauteskunde hauetan parte hartzearren ez dela «iraultzarik» izango (seguruenik). Era berean errealitate gordina da oso txikiak garela, eta beraz, gure eragiteko gaitasuna oso txikia dela. Baina era berean egia da gaur-gaurkoz Europar Batasuneko kide garela eta gainera Espainia eta Frantzia direla gure ordezkari. Beraz, gu joaten ez bagara estatu zapaltzaileek hitz egingo dute gure izenean. Ez-ikusiarena egiteagatik ez da hori desagertuko. Aurre egin behar zaio (horretarako modu asko egon daitezkeela onartuta).

Hargatik uste dut Europako Parlamentua ate mordoa ireki ditzakeen lehen ate gisa ikusi behar dugula. Batetik, parlamentuan bertan gauza zehatzetan akordioak lor daitezkeelako Europako ezker iraultzaileko indarrekin, ekologistekin eta abar, proposamen batzuk mugatu eta besteak hobetzeko. Eta bestetik, parlamentutik kanpo ere Europa mailako sareak eta aliantzak existitzen direlako, bestelako Europa bat amesten dutenak. Horietan eragitea beharrezkoa da, batetik, gure prozesu propioak indartzeko eta bestetik Europan egungo ereduaren aurreko kontra-boterea eraikitzen joateko.

Azkenik, bada beste elementu garrantzitsu bat ere. Lehenago esan bezala, egunero hartzen dira Bruselan guri zuzenean eragiten diguten erabakiak: fracking-ari buruz, klima aldaketaz, euskara eta hizkuntza gutxituez, lanaz, hondakinen kudeaketaz... Informazio eta ekimen horiek gure borrokak indartzeko baliatzen jakin behar dugu. Eta hori guztia baliagarri eta eraginkorra izan dadin, guri ere badagokigu gure etxeetako ateak zabaldu eta zubiak eraikitzea, urrun dagoena hurbiltzeko.