Ixabel Etxeberria
Irakaslea
JO PUNTUA

Erronka orekatuak

Europa aldatzen ari da. Berriz ere estatuek ezin dute Historia gelditu. Horregatik debate politikoan frantses Estatuan Eskozia eta Kataluniako independentziarako bidea ez da ia-ia inoiz aipatzen. Herritar bat boz bat, ahalak konbentzitzeko, hau da erronka

Duela bost urte Jon Anza desagertu zen bere inguruko guztiak hitzik gabe utziz. Berririk gabe hilabeteetan, ikara sortu zuten maite zutenen artean. Ondoko hilabeteek ekarri zituzten berriak beltzak izan ziren, estatuen krudeltasuna bezain ilunak. Kontaezinak baina errealak.

Hori guztia gogoratu dugu Jon Anza gordetzen duen herrian. Urruñan. Bost urte joan dira eta sekulako aldaketak izan dira. Jarraitzea errazak ez direnak, hain abiadura handian joan diren!

Bost urte joan dira eta frantses Estatuak ez du familiak eskatzen dituen erantzunak ematen. Epaitegietara joan behar du familiak erantzun horien lortzeko. Galderak, beste galdera asko ere dauzkagu frantses Estatuari egiteko. Noiz hartuko da kontutan Ibon Fernandez Iradiren gaixotasuna eta behar dituen artatzeak? Noiz askatuko dituzte Jon Parot, Jakes Esnal, Frederic Haranboure? Hauek dira errespetatzen ez diren oinarrizko eskubideak. Zeren euskal gatazka osoari so egiten bazaio, beste arazo politiko asko daude erdian, galdera asko.

Gure galderentzat ez dugu erantzunik izanen, lorpenak baizik ez dira izanen. Presoak askatzeko, gu, gure kateetatik askatu beharko gara, alegia, kalera atera eta haien askapena aldarrikatu, konbentzitu eta lortu. Instituzioa, euskararen ofizialtasuna, hor ere gauza bera. Joan den Aberri Egunean ikusi dugu independentista asko daudela gure herrian, gero eta gehiago. Udalbiltzak bere ardurak hartzen ditu eta konbentzitzera atera da, alegia, gure arazoei irtenbideak ematen abiatu dela. Horren kontra estatuek ez dute deus egiten ahal, abian baikara. Noski gure nahikeria gelditzeko beren legeak aldatuko dituzte, inkulpazio berrien asmatzeko.

Estatu frantsesak aurkari berriak ditu. Bretainiak hori erakusten digu. Petainek bereizi zuen Bretainia, departamendu bat kendu zuen Bretainia erregiotik. Geroztik, batasuna aldarrikatua izan da bertan. Gaur, lurraldearen berrantolaketa Gobernutik proposatu eta erregio handiagoak sortu nahi dituztelarik, Parisetik nola ukatuko dute Bretainiako batasuna? Askatasunaren bidea naturalki irekitzen zaio Bretainiari. Gaur han egiten den batasunaren aldarrikapena era naturalean egiten da. Manifestaldiak gero eta handiagoak dira.

Gure bidea desberdina da, gurea sortuz egiten ari gara. Trabak emanen dituzte, beren lege zapaltzaileak sortuko dituzte, sekulako beldurrak pizten ariko dira, baina badakigu posible dela, independentziaren bidea ireki da.

Bide horretan, Europako hauteskundeetan Ipar Euskal Herriak ez du aukerarik izanen debatean zuzenean parte hartzeko. Haatik, Josu Juaristirekin, gurearen entzunarazteko parada izanen dugu. Europa aldatzen ari da. Berriz ere estatuek ezin dute Historia gelditu. Horregatik debate politikoan frantses Estatuan Eskozia eta Kataluniako independentziarako bidea ez da ia-ia inoiz aipatzen. Herritar bat boz bat, ahalak konbentzitzeko, hau da erronka. Estatuek ez dute erronka orekaturik errespetatzen.