GARA

Buruntzaldeko frontoiak sakabanaketaren aurka beteko dira

Buruntzaldeko preso eta iheslarien senideek ekimen berri baten berri eman zuten atzo. «Pilotakadaz Pilotakada» izena du eta Etxerat elkarteak antolatu du nazio mailan sakabanaketaren aurka herrietako frontoiak betetzeko helburuarekin.

Familiek jakinarazi zutenez, Euskal Herrian egoera berria bizi arren, dispertsio politikak «inoiz baino indar handiagoarekin» jarraitzen du, preso eta senideen eskubideen urraketa areagotuz. «Xantaia politiko bezala erabiltzen dituzte gure senideak eta, ondorioz, gu», ohartarazi zuten.

Hori guztia salatu eta presoen eta euren senideen eskubideak aldarrikatu eta gizarteratzera dator ekimen hau. Gizartea kontzientziatuz eta inplikatuz, «guztion artean presio bidez egoera hau aldatu eta gure senideen eskubideak errespetatuko dituztela» konbentzituta daudelako.

Jada prest dute eskualde mailako egitaraua. Datorren asteburuan, maiatzaren 10ean eta 11n, izanen da Hernanin, Lasarte-Orian, Orion eta Usurbilen, eta aste bat geroago, maiatzaren 18an, Andoainen. Herritar guztiak animatzen dituzte presoak etxera etor daitezen pilotakada ematera.

Kanporaketa herrikoia

Hernanin, maiatzaren 10ean, eskuz eta palaz binakako txapelketa azkarra eta kanporaketa herrikoia egingo dituzte. Modalitate honetan edozeinek joka dezake. Tantoa galtzen duena kanporatua izango da eta hurrengoa sartuko da jokora. Bost bikote atera nahi dituzte herri bakoitzetik, ekainaren 29an Gipuzkoa mailan egingo den «Pilotakadaz Pilotakada» txapelketako finalerako. Manifestazioa, askaria eta enkantea ere izango dira Hernanin.

Lasarte-Orian, eskuz eta palaz binakako txapelketa azkarra egingo dute egun berean, eta Orion, eskuz binakako txapelketa irekia, palazkoa eta kanporaketa herrikoia antolatu dituzte. Ondoren, pintxo eta saiheski jatea.

Igandean Usurbilen txanda izango da. Mutil taldea eta neska taldea ariko dira palaz, eta pala egokitua ere izango da ahalmen urritasuna dutenentzat. Kanporaketa herrikoia jokatu eta trikipoteo solidarioa egingo dute.

Maiatzaren 18an, Andoainen, gaztetxeko txapelketa, pilotako jolasak, bazkaria eta argazkia egingo dituzte.