Maider IANTZI
XVII. GAZTA EGUNA IDIAZABALEN

Artzaintza goraipatu eta herritarrei hurbiltzeko festa borobila

Letra hauek Idiazabalen mimoz beteta zurezko kateak (edo garai batean erraten zuten bezala, antzilak) egiten zebilen Roman Adurizen hitzak helarazi nahi dituzte. Baita artzain txakurrekin lehiaketetan ibiltzen diren Juan Jose Egurrola eta Eusebio Bengoetxearenak ere. Hirurek transmititzen zuten egiten duten lanarekiko ilusioa eta hau galtzen ari delako tristura.

Giroa alaitzen aritu ziren Axari dantza taldekoen ahotsa ere badira hizkiok (hauek bai, gehienak neskak), eta J. Aranburu gazta ketuaren usaina dakarte...

Udaberriko eguraldiarekin batera etorritako Idiazabalgo Gazta Egunean jende ugari bildu zen, zaharrak eta gazteak, familia aunitz. Txikienek ederki pasatu zuten bildotsekin jostatzen, moxalarekin batera paseatzen ibili zen zaldi dotorearekin argazkiak egiten, edo hiru gaztek ilea mozten zieten bitartean zerrakuaren bazter batean pilatzen ziren ardiei so. Aralarreko mastin txakur zuri handiak ere kalean zebiltzan, Etxebarriko Juan Jose Egurrolaren «Luki» eta «Argi» artzain txakur iletsuak bezala.

Erretiratuta dago Egurrola, baina lagunen ardiak zaintzen ditu zelaiak garbi mantentzeko. Jakinarazi zuenez, iletsua da Euskal Herriko berezko arraza, baina galtzen ari da eta ez desagertzeko beharrezkoak dira diru-laguntzak. Bere adiskideak, Eusebio Bengoetxea aulestiarrak, ekarritako txakur parea -gorrizta, ile motzekoa- gehiago ikusten da gure larreetan, baina hau ere gero eta gutxiago. Behera doa, erakustaldien gisan.

J. Aranburu gaztandegiko anaia batek, Jabierrek, gazta ketzeko prozesua erakusten zuen etxola batean. Goialdeko apaletan jarri zituen bi hilabeteko gazta zuriak, eta brasa egin zuen pare bat ontzitan, aurrena egur lehorrarekin eta gero bustiarekin. Azken honek sortu zuen kea eta kolorea eta pizgarria eman zion gaztari, lehenengo eguzki-izpiek gure azalari bezala.

Katearen misterioa

Bitartean, apaingarritarako eta egurrezko lanparetarako erabiltzen den zurezko katea lantzen erabat kontzentratuta zegoen Roman Aduriz oiartzuarra. Uztai bakoitzarekin ordubete ematen du; kate bat egiten, 22. Aunitz gaurko erritmorako. «Guri ere gustatzen zaigu gazteek ikus dezaten, baina mobila hartu dute», adierazi zuen. Haurrek «hauek denak zuk egin dituzu?» galdetzen zioten. Eta harro erantzuten zien: «Makila batere puskatu gabe katea ateratzea misterioa da».

Gazta Eguna osatu zuten elementu ugarietako bertze bat, hemen aipatuko dugun azkena (baina ez horregatik garrantzi txikiagokoa), Axari dantza taldea izan zen, ehun kidekoa. Nerea irakasleak gaztetxoz inguratuta kalejira eta kalejira arteko atsedenaldian kontatu zigunez, dantzarako zaletasun handia dago Idiazabalen. Garai batean, sekulakoa. Behera egin zuen gero, baina urte batzuetatik hona berriro indarra hartzen ari da.