IKUSMIRA
IKUSMIRA

Sakabanaketak 26. urteurrena bete ez dezan

Badira 25 urte euskal preso guztiak Estatu espainiarreko eta frantseseko espetxeetan zehar sakabanatu zituztela, eta urte horietako balantzea ezin beltzagoa da. Hamasei hildako, ehunka zauritu, hainbat familiaren esfortzu ekonomiko ikaragarria... eta etengabeko iseka, sakabanaketa presoen hobe beharrez abiatu zutela esateraino. Izan ere, salbuespen neurri hori zuritzeko, hainbat argudio erabili izan dituzte, haren «arrakasta» erakusteko asmoz. Hala ere, mende laurden bat igarota, ez dute euskal presoen kolektiboa zatitzeko helburua lortu. Mina, sufrimendua, bai presoena bai haien senideena, erruz eragin dute, ukaezina da, baina horren arrakastatsua izan bada, zer zentzu du indarrean jarraitzeak, areago euskal presoen kolektiboak bide baketsuen aldeko apustua agertu duenean, gatazkaren konponbiderako urratsak egin eta gehiago egiteko asmoa erakutsi ondoren?

Duela 25 urte bezala, eta 1987an bezala, gaur egun sakabanaketa neurri politikoa da, kolektibo zehatz bati ezarria, eztabaida politikoa saihesteko eusten diotena. Ankerkeria tresna nagusi duen neurri horrek 25 urte bete ditu, sufrimendu eta xantaiaz betetako mende laurdena. Hamaika arrazoi daude behingoz bertan behera uzteko. Lehena, guztiz bidegabea delako. Urteurren tristea, zalantzarik gabe, baina baita 26.a bete ez dadin ahalegintzeko akuilua.